Zein garrantzitsua den lanetik irten eta ditugun arazo eta buruhausteak momentu batez ahazteko entretenimendua izatea. Hori da kultura, errealitatetik at izatea ahalbidetzen duena, barrea edota negarra eragin eta instant batez dena ahantzarazten diguna.
Urtero legez, ohitura zaharrak ezin direnez galdu, Durangoko udaletik aurten ere kultura epizentroan jartzen duen egitarau zabala sortu dugu, UDA GIRO delakoa. Durangarrok antzerki, zirku, musika eta emanaldi ezberdinez disfruta dezagun pentsatutako egitaraua.
Gainera, Durangon bertan ditugun artista eta kultur eragileen parte hartzea ezinbesteko zaigunez, ikuskizun horien parte izango dira. Zer da ba herri bat bertako jende eta eragile barik. EH Bildutik argi daukagu kultura barik ez garela ezer, kulturak herri egiten gaitu eta herriak kultura egiten du.
Kultura eta kalea batu eta edozein edadetako pertsonek gozatzeko zirku, dantza, musika, poesia eta abarreko emanaldiak barne biltzen ditu gure kultur programak. Gure herriko plaza eta txokoetan bizi ahal izango ditugu ikuskizun hauek, horrela herriko gure eraikin eta lekuak ezagutu eta aprobetxatuz.
Bizi eta gozatu kulturaz, hau baita gure bizitza eramangarri eta alaiagoa egiten duen ardatz garrantzitsuenetako bat. Babestu kultura eta zatoz UDA GIROra!