Ezkurdiko frontoia

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Errasti 2022ko mar. 18a, 09:00

Durango beti izan da pilota eta zesta punta kirolen erdigune, Jai Alai delakoaren bultzatzaile eta sehaska. Durango erdian, Ezkurdi parkean, dugun frontoiak eman dio kirol horri bere lekua.

Urte askoan, gaur egun Gernikan egiten den Torneo Jai Alai Winter Series bezalako lehiaketa eta torneoak egiten ziren, Euskal Herriko zesta punta ezagutzera emanez eta kirolari bere garrantzia emanez. Gainera, ume eta gazteentzako pilotari lotutako modalitate ezberdinak ezagutu eta jokatzeko leku garrantzitsua da.

Baina frontoiaren egoera txarra dela eta, urteak igaro ahala, sasoi horietan ematen zitzaion erabileran eragina izan du eta bortizki gutxitu da. Teilatuak dituen itoginak, eraikinera sartzeko irisgarritasun arazoak eta eraikinaren mantenu ezaren ondorioz sortutako arazoak direla medio, lehen zuen erabilera eta mugimendua ezerezean geratu dira.

Honegatik guztiagatik, frontoia berrizteko proiektua jada esleitu da eta Bizkaiko Diputazioak emandako 488.316,00 euroko diru-laguntza hartuz, hau konpontzeko beharrezko diren milioi batetik gorako euroak bideratu dira jada obretara.

EH Bildutik argi daukagu. Ezkurdiko frontoiak lehenagoko ospe eta erabilera berreskuratu behar ditu, Durangaldean estrategikoa izan behar da. Euskal Herriko hainbat tokitan jokatzen den gure kirola herrian berpiztea ezinbestekoa da. Gernikarekin batera, Jai Alai munduan Durangok duen izena berreskuratu eta Durangoko neska-mutilek gureak diren kirolak ezagutu eta ikasteko aukera izatea ezinbestekotzat dauzkagu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!