Durangoren etorkizuna jokoan

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Errasti 2022ko urt. 21a, 08:30

2021. urtea berri pozgarri batekin amaitu dugu, Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak PERI Ferrocarril-aren inguruko aurreakordioa adostu dute. Durango erdian dugun landa erraldoi horretan aurreikusita zeuden 5 dorreak ez egitea lortu da.

Etxebizitza gutxiago egiteaz gain, Durangon Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta Zuzkidura etxebizitzak eraikiko dira. 2015eko Euskadiko Etxebizitza Legearen arabera, lehenengoak alokairu-erregimenean eskaini behar dira eta bigarrenak eskubide hau eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat dira, hala, gazteak, etorkinak, indarkeria matxista jasan duten emakumeak, adineko pertsonak etab.

Aurreakordio honi esker, Durangok duen alokairurako merkatuaren arazoa leunduko litzateke. Merkatuan zenbat eta alokairurako etxebizitza gehiago egon, orduan eta aukera gehiago egongo baitira prezio duin bat lortzeko. Horrela, gaur egun herrian bizi ezin duten gazte eta ez hain gazteek bertan bizi ahal izango dira.

Informazio gehiago izateko, Ezkurdin jarri den erakusketara joan daiteke, eta baita datorren larunbat eta igandean, urtarrilaren 22an eta 23an, egingo diren saioetan izena eman, gerora egingo den parte-hartze prozesura guztiz dokumentatua heltzeko. 

Nik argi daukat, aukera honen alde bozkatuko dut. Eusko Jaurlaritzak gure herrian milioika euroko inbertsioa egiteaz gain, gaur eguneko etxebizitza parkearen prezioa leunduko baitu, eta 15 urte baino gehiago hutsik egon den lursaila herrira bueltatuko baita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!