Euskaraz ta kitto

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Errasti 2021ko abe. 10a, 08:00

Abenduaren 3a, aldarrikapen eguna, euskaldunon ondare garrantzitsu eta balio gehien duenaren aldeko eguna.

Durangon, urtero, egun honen baitan, bost egunez, Durangoko Azoka izaten dugu. Herria milaka euskaldun eta euskal hiztunez betetzen zaigu eta euskara eta euskal kultura aldarri jartzen ditugu. Kaleetan zehar Euskal Herriak dituen euskalki guztiak entzungarri izaten ditugu, ahoskeran “ese” eta “zeta” letren soinua bereizten da, eta Durango EUSKARA eta KULTURA HERRIA dela nabarmentzen da.

Baina aldarrikapen egunak pasa eta bakoitza bere egunerokotasun eta errealitatera bueltatzen da. Batzuek eskolan euskaraz jarraitzen dute, beste batzuek bizitza euskaraz egiten dute, eta askok gure hizkuntza preziatua alde batera utzi eta erdaldundu egiten dira.

Euskarak 365 egun, ondo dakigu guk hori, baina egiten al dugu? Euskaraz bizi eta urteak dituen egun guztiak euskaraz egiten al ditugu? Erantzuna ezekoa da tamalez, egingo bagenu honezkero erdaldunek jakingo zuketen eta. Beti, euskara ez dakien norbaitengatik, gaztelaniaz egitera ohituta dauden lagunengatik edota, lanean euskaraz aritzeko aukera izan eta berau alde batera uzten dutenengatik gure hizkuntza baztertzen dugu.

Ez dezagun Europako zaharrena den gure euskara galtzen utzi. Euskarak egiten gaitu euskaldun, euskara da gure kultura eta izaeraren ardatza, eta, beraz, kantak dioen moduan “Behin betiko, behin betiko, sinple bezain tinko, EUSKARAZ TA KITTO”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!