Oztopoak oztopo, Bizkaia-Durango taldeko txirrindulariek hainbat lasterketa izan dituzte azken aldian COVID-19a lagun dugularik. Horren adibide, oraintsu parte hartu duten azkena; Italiako Giroa. Aurretik, Frantziako La Course by Le Tour lasterketan parte hartu zuten, hirugarrenez. Irail hasieran, Saskibaloiko Euskal Kopako anfitrioi izan zen Durango, emakume kirolari ugari batuz. Eta azkenik, Kultur Aro ekimenaren egitarau barruan Kiroleneren eskutik ‘Harria Herria’ dantza bertikala praktikatzen duten emakumeen film laburra ikusgai izan dugu San Agustin Kultur Gunean.
Pozgarria da Durangoren moduko herri batean emakumeek kirolean leku garrantzitsu bat izatea, kirol femeninoari bultzada eman, eta gero eta ekintza gehiagotan lekua utziz.
Gizarteko esparru denetan da garrantzitsua emakumeen presentzia, baina kirolean are gehiago. Kirolaren bitartez lidergotzarako ahalmen eta erreferentziak lortzen dira, eta emakume gazte zein helduak kirolean erreferente izateak gizartean pairatzen dugun genero desberdintasuna gutxitzen laguntzen du, emakumeak ahaldunduz.
Durangoko EH Bilduko kide modura, erabateko apustua egiten dut luzea den bidaia honetan. Horrela jarraituz gero, lortuko dugu emakumezkoen kirolaren bultzadari buruzko iritzi artikulu gehiagorik idatzi beharrik ez izatea. Zorionak, neskak!