Xakea eta zahartzaroa

30 urtetik aurrera, garuna hondatzen hasten da. Kasu batzuetan, alzheimerra, parkinsona edo beste dementzia mota batzuk gara daitezke, estresa, ohitura ez osasungarriak eta lan errutinak direla eta, besteak beste. Beraz, beharrezkoa da garuna etengabe lantzea; eta helduaroan, xakean aritzeak emozioa eta memoria osatzen duten eremu espezifikoak estimulatzen laguntzen du, kontzentrazio eta estres falta nabarmen gutxituz.

Ikerketa zientifiko ugari egin dira xakeak garunaren zahartzea atzeratzen duela eta alzheimerra saihestu dezakeela frogatzen dutenak. Izan ere, dementziak kontsulta arrazoi ohikoenak dira neurologia osasun eremuan, eta, aldi berean, dementzia agertzeko modurik arruntena alzheimerra da, funtzio kognitiboaren hondatzea baitu ezaugarri. Xakean jokatzen dugunean, garunaren ezkerreko hemisferioa piezak ezagutzeko erabiltzen dugu, eta eskuineko hemisferioarekin jokaldiak aztertzen edo antzematen ditugu.

Neurozientzialari askok xakea gomendatzen dute arazo degeneratiboen aurka egiteko eta zahartze osasuntsu bat izateko. Azaltzen dutenez, bizi-itxaropenak gora egin du eta, ondorioz, biztanleria zahartu egin da. Aldi berean, adinarekin lotutako gaixotasun neurodegeneratiboek gora egin dute. Jarduera mental handiagoaren eta zahartzaroko dementzia-arrisku txikiagoaren artean korrelazioa dagoela diote; beraz, xakeak patologia neuronalen aurka babes efektua sortzen du erresistenzia kognitiboa handituz (neurona konexioak areagotuta).

Xakean aritzean ezaugarri hauek garatzen ditugu: kontzentrazioa, memoria, arrazoibide logikoa, pentsamendu zientifikoa, erantzukizun pertsonala, motibazioa (zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago jakin nahi duzu), egiten duzunaren ondorioei buruzko hausnarketa, sormena, pazientzia, diziplina, arriskuen kalkulua, ikuspegi globalerako gaitasuna (Nik nahi dudan lekura iristeko hainbat jokaldi egin behar baditut, egin behar ditut), kalkulu espaziala (aurreikusi nola egongo den xake-taula hurrengoko jokaldietan, interesatzen zaizun jakiteko). Gainera, alderdi sozialean, bakardadea eta depresioa borrokatzen ditu.

Laburbilduz, adinari kasurik egin gabe, xakean jokatzera animatzen zaituztet. Larrasoloeta Xake Taldean, haurrentzako ikastaroez gain, adinekoentzako ikastaroak antolatzen dira; informazioa nahi izanez gero, idatzi ajedrez.durango@gmail.com posta elektronikora. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!