Zergatik da xakea kirola?

1985eko otsailaren 9an, Moskun, hainbeste xake txapeldun eman dituen herrialdean, 1984ko Munduko Xake Txapelketako azken partida jokatu zen. Karpov eta Kasparoven arteko match-a izan zen, eztabaida handia sortu zuena eta ospetsu bihurtu zena FIDEko (Nazioarteko Xake Federazioa) presidenteak, jokalarien nekea argudiatuz, txapelketa bertan behera uztea erabaki zuelako. Match handia 1984ko irailaren 10ean hasi zen eta 48 partida jokatu ziren. Karpovek 10 kilo galdu zituen eta esatariak "hildako ibiltari bat dirudi" esan zuen.

Absurdua dirudi, ordu luzeetan eserita, noizean behin besoa luzatu eta beste ahaleginik egin gabe hainbeste energia fisiko behar izatea. Robert Sapolskyk, Stanfordeko Unibertsitatean primateen estresa aztertzen duen neurologoak, dio xake jokalari batek 6.000 kaloria erre ditzakeela txapelketa bat jokatzen duen bitartean. Pertsona batek egunean kontsumitzen duen baino hiru aldiz gehiago. Txapelketa handien aurretik, txapelketa jokatu bitartean eta txapelketaren ondoren, arnasaren maiztasuna, presio arteriala eta giharretako uzkurdurak oinarri hartuta, Sapolskyk baieztatu du Xakeko Maisu Handiek (GM) partida batean jasandako estresari emandako erantzunak maratoiko korrikalarien erantzunak bezalakoak direla. Estres horrek, halaber, energia gehiago ekoiztera behartzen ditu jokalariak, gorputzak oxigeno gehiago bidal dezan burmuinera.

Honekin batera, xakean elikadurak duen garrantzia datorkit burura. Gai hori hurrengo batean landuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!