[IRITZIA]: Gizona da txakurraren etsairik okerrena

Erabiltzailearen aurpegia Eukeni Bastida 2025eko abenduaren 16a

Eukeni Bastidak honako gutun hau idatzi du. 

Amets egin daigun piskaten.

Imajina ezazu igande goiz eder bat. Tenperatura ezin hobea da. Eguzkiak distira egiten dau eta zerua hodei zuri eta harroz dago apainduta. Paseatzera atera eta txakur bat korrika ikusten dozu, jabeak botatzen dion pilotaren atzetik. Korrika dabil, biharamunik ez balego bezala. Behin eta berriz. Txakurra ederra da. Ile garbia eta distiratsua dauka, eta badirudi kimika berezia daukala jabearekin.

Ametsetan hasten zara holako txakur bat izateko aukerarekin. “Txakur horrek oso argiak dira” entzun dozu esaten. Bere itxurarekin eta gai horri buruz entzun dozunarekin ideal bat eta itxaropen batzuk sortzen hasten zara. Emoten dau txakur arraza hori modan dagoela, azkenaldian kalean horrelako txakur asko ikusten baitira. Mugikorrean pixkat arakatu, eta txakurkumak liluragarriak direla ikusten dozu!

Animaliatxo horietako bat erosteko urratsa eman eta haiekin merkatari eta banatzaile modauan dabilenakin topo egiten dozu.

Esperientziarik gabeko norbaitek hamabi ordu baino gutxiago behar dittu egunero ez dala igandea konturatzeko eta zerua ere ez dagoela beti hodei zuri eta harroz apainduta. Txakurtxoa gauez mugitu egiten da, edozein lekutan txixa eta kaka egiten dau, egunean hainbat aldiz atera behar izaten da edozein eguraldikin, ez dau espero dozun moduan jokatzen, ilea botatzen dau, eskura daukana apurtzen dau, etab… Etxean ez zaudenean denbora guztian ulu egiten dau, eta bueltan zatozenerako beheko pisuko bizilaguna zain daukozu, eta ez dau emoten oso pozik dagoenik.

Aste gutxiren buruan, agian hilabeteren barruan, zera pentsatzen dozu: -Jo, hau rollo bat da!- Abenturari amaiera emateko ordua da, eta sare sozial batean esaldi hau jartzea erabaki dozu: “Saldu egiten dot, ezin naiz kargu egin”, nazka-mailaren arabera “Oparitu egiten dot” ere esan zeinke. Batzuek nahiago dabe ondotik pasatzen dan lehenari emotea, edo edozein lekutan lagatzea. Badau bere etorkizunaz “kezkatzen” danik ere, eta gau batean animaliak babestera dedikatzen dan elkarteren baten burdin hesiaren gainetik botatzen dauena. Batzuk buruan tiro egiten dotse baina akabatu ez dabenez, burua zaku batean sartu eta albaitariarengana eramaten dabe injekzio hilgarria jartzeko… (azken hau ere benetan gertatutakua da. Inguruko albaitari batek kontatuta). Baliteke horrelako gertakariak gero eta gutxiago izatea, heziketari esker eta zigorgabetasuna murriztuta.

Izaki sentiberak dira. Egun baten “oso argiak dira” pentsatu genuela gogoratu behar dogu. Egia da ez direla gizakiak, baina harriak ere ez.

Horma batera lotzen dittugu biziarteko kate batekin edo esparru txiki-txiki batean sartzen dittugu urteetan, eta hor estereotipiak izaten dittuzte (mugimendu konpultsibo eta errepikakor horiek antsietate eta desoreka handiaren seinale dira). Nahita edo utzikeriagatik  kumak eukitzera derrigortzen dittugu, horrela etorkizunik gabeko txakurtxoak ekartzen dittugu mundura, auskalo nun bukatuko daben. Esperimentu klinikoak eta kosmetikoak egiten dittugu, estetikagatik anputatzen dittugu, gure sadismoaren objektu bihurtu geinkez eta… doan ateratzen jaku!

Hautaketa genetikoa ez aipatzearren. Ezagutzen dittugun arraza askok ez dittuzte hamarkada batzuk baino gehiago. Estetika eta gorputz egitura zehatzak bilatuz, osasun arazo izugarriak dittuzten arrazak sortu dittugu. Alemaniar artzain txakurra bere bizkarraren jausi antinaturalarekin, bulldog frantsesa eta bere mutur zapalagatiko arnasketa arazoak, bulldog ingelesa bere kabuz jaiotzeko gai ez dena eta buruaren desproportzioagatik zesarea behar dauena, eta abar. Espezie bera izanik, hiru kilogramoko arrazak eta ehun kilogramoko arrazak daude. Ba al da antzekorik animalien erreinuan?

Espainian, mendira animaliei tiro egitera joateko lizentzia kopurua 891.889ra izatera arte iritsi zan 2023an. Txakurren lanak jarduera hori erraztu egiten dau. Egia da pertsona horietako askorentzat, ez guztientzat, txakurrak erabili eta botatzeko tresna hutsak direla. Denak ez dittut esaten, badagoelako zaletasun hau daukan jendea, baina bere txakurrak zaindau eta tratu ona ematen dotsena.

Ez naiz mundu horretan mugitzen, baina esaldi argigarriak entzun dotset horretan aritzen diren pertsonei.
-Zure txakurrak egin behar dauena egiten ez badau, eman kartutxo bat eta arazoa nik konponduko dotsut.-
-Beti heltzen nintzan txakurra lotuta neukan lekura, eta txixa eginda egoten zan. Baina egun hartan ez neban jo ere egin. Zuhaitzera eraman neban, lotu eta…(gatilua sakatzeko keinua eginez)-

Hain kolektibo handia ordezkatzen dabe, boto-emaile asko biltzen dittuela. Gainera, diru kopuru handia mugitzen dauen negozioa denez, presio haundiko elementu gisa joka dezakete agintariengana jotzeko orduan. Neurri baten, horrela esplikatzen da inpunitatea.

Presioa egiteko ahalmen hori dela eta, Animalien Ongizateari buruzko Lege berriak beraien txakurrak kanpoan uzten dittu.

Sektore honek txakurren egoeraren inguruan zeresan handia badauka ere, txakurtegietara begiratzea baino ez dau, esan behar da txakur erakusketetan, txakur-hazleen eta abarren negozioa bera “arrazazalez” mozorrotutako txakurren merkatari hutsez beteta dagoela. Eme batzuk kumak ekoizten zeuzkala, txakur-hazle bati entzun notsan hau esaten “eme hau kumak eitteko zauan eta hamaika kumak hil jakozen. 11.000€ hil jatazan. Jajaja”

Kontrara, animalien babesleen lana goraipatu beharko zan, gutako askorentzat jada jostailu hautsiak diren txakur eta katu horien sufrimendua arintzen laguntzen bait dabe. Etxe on bat aurkitzen laguntzen dabe. Animaliak babesteko elkarte horietako batzuk bolondresen lanari esker irauten dabe, gehienbat emakumeak. Egia da hizkuntza (gaztelania) sexista dela eta “Txakurra gizonaren lagunik onena da” bezalako esaldiak sortzen dittuela… baina beittu nor dagoen hor gero laguntzeko prest.

Bizkaiko animaliak babesteko elkarte batek laurehun bat txakur kudeatzen dittu, horietatik arraza bereko hirurogei txakur dauzka bere instalazioetan, eta horrek atenzioa deittu dost. Kalean modan dagoen arraza da gero txakurtegietako modako arraza.

Adoptatu daigun. Ahal badogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!