Diru publikoa behar ez diren gauzetan gastautakuan, ez da diru publikorik geratzen behar diren gauzetarako. Baina diru publikoa, jatorrian, behar diren gauzetarako da.
Ez dozu imajinatzen zenbat buelta emon dotsaten honi, baina hiru laukitxoetako bat markatu beharko baneban, oraindik ez daukat argi zein markatuko neban planteatuko dotsuten kasuetan. Gastua laukitxoa, Inbertsioa laukitxoa edo Xahutzea laukitxoa? Ea zer iruditzen jatzun zeuri.
Goizetan lanera joateko iratzargailua behar dauen edozeinek badaki zenbat kostatzen dan soldata bat irabaztea. Hau da, dirua lortzeko nolabaiteko sakrifizioa behar da. Gure denbora eta energia sakrifikatzen dogu, edo daukagun ondasun bat sakrifikatzen dogu. Dirua ez da zerutik iristen eta ez da berez sortzen.
Jakina, norberak ingurura begiratu ahal dau eta posible da horrela ez ikustea, edo lausotuta ikustea. Batzuk argi ikusten dabe, eta gauzak daren moduan gustatzen jakoz. Egia da, baina hemen lagako dotsut neure betaurrekoak, une batez nere moduan ikusi daizun.
Adibidez Iurretan. Erreparatu al dotsazu N-634 errepidea Arriandi parean gurutzatzen dauen egurrezko zubi dotoreari? Zubi-katalogo bateko zubirik onena dirudi. Duela hilabete batzuetatik martxan dagoen honetan, egunean hamar aldiz inguru gurutzatzen dabela ikusi geinke. Oso gutxi erabiltzen da bai, baina egia da populazio dentsitate baxuko tokietan bizi diren pertsonek ere behar dabela haien beharrak asetzea. Kasu hontan, errepide bat gurutzatzea.
Arreta jarri nahi doten lekuan da, beharrezkuak diren gauza batzutan gehiegizko diru kantidadia gastatzen dala. Beharrezkuak ez direnak ez aipatzeagaitik. Norberaren dirua horrela gastauko al ginuke?
-Zubia orain dela gutxi eraiki da, lehendik zegoen zubi batetik 8 bat metrora. Zergatik ez da aprobetxatu lehendik zegoen pasabide hori?
-Zubiak ez du errepidea guztiz gurutzatzen, alde baten oinezkoen pasabide bat gurutzatu behar da.
-Ez ote zegoen oinezkoen pasabide bat eta semaforo bat botoiarekin jartzerik, egunean hamar oinezko horiek botoia sakatu eta trafikoa une batez gelditzeko? Holako dozena erdi semaforo daude zubitik 1500 metrora, errepide horretan bertan.
-Horrelako zubi bat, oztopo arkitektoniko bat da. Hura salbatzeko bi igogailu jarriko dituztela dirudi, mamotretoa are gehiago garestituz. Igogailuak eta haien bizitza osorako mantentze-lanak.
-Oraindik martxan egon ez arren, zubia instalatzeko agindu zuen alderdi politikoaren propaganda-aldizkariko portada izan zen zubi zoragarria. Hori zubiak dagoeneko alderdi instalatzaileari sortutako onura da.
Nik proposatuko nuke kalkulagailua ateratzea eta… hobeto ateratzen jaku zubi hori
mantentzea edo zubia desmuntatu eta saltzea? Zenbaterainokoa da aukera bat eta bestea?
Horren eraikuntza aukera ona izan ez dela frogatuta geratuko balitz, egoera berean
jarraitzea aurrera begirako ihesa litzateke, ez onartzeko eta ondorioei aurre ez egiteko. Hiru laukietako bat markatu aurretik, hartu gogoeta egiteko tarte bat, eta eman begiratu bat zubiaren erabilgarritasunari. Lekuan bertan.
Laga daigun zubia alde batera, baina Iurretatik atera gabe. Begira diezaiogun gure mendien egoerari. Aitortu behar dot nire betaurrekoekin mina ematen dauela haiei begiratzeak. Mendiak obra faraoniko batek mozten ditu. Faraonikoa, bai espazioan eta bai denboran duen tamainagatik. Marka horiek hor geratuko dira betirako, Egiptoko piramideak bezala.
-Europako Kontu Auzitegiaren txosten baten arabera, 2020an “Euskal Y”-aren gainkostua % 54,7koa izango zen, hasierako 4.200 milioi euroko aurreikuspenarekin alderatuta.
-Hamarkadetako atzerapena.
-Frantziako gobernu desberdinek beti esan izan dabe ez dabela Europarekin loturarik egiteko asmorik.
Tren honekin edo zorioneko zubiarekin, batzuetan emoten dau zerbait eraikitzeko helburua obra bera dala. Ez markatu oraindik aukeratutako laukitxoa, emoiozuz buelta batzuk lehenau.
Adibide gehiago bururatzen jataz, baina ez luzatzearren, bat gehiago besterik ez dot jarriko.
A zer nolako kotxe katxarruak diren Ertzaintzak patruilatzeko erabiltzen dituen kotxe berriak! 70.000€ unitate bakoitza. Guztira, 24.000.000 euro (hogeita lau milioi).
-Ulertzen dot lan-tresnak egokiak izan behar direla, eta aitortzen dot ez dotela asko ulertzen kotxiei buruz... baina 40.000 euro ingurukin ezin da kotxe egoki bat euki?
Ze laukitxo markauko zinuke kasu bakoitzean?
Zerbait ulertzeko diruaren arrastoari jarraitu behar jakola esaten da. Imajinatzen al dozu guztion diruarekin zer egin behar den kudeatu eta erabakitzen dauena, gero, nolabait, onuraduna izatea? Ez dakit non dagoen hori diru guzti hori orain, baina badakit nun ez dagoen eta nori ez dotsan laguntzen.
Betaurreko honek lausotu egiten jataz gaurko moduko egunetan. Laurogei urteko pertsona bati entzun dotsat esaten traumatologorako hitzordua 2027ko urtarrilerako emon dotsela.
Diru publikoa behar ez diren gauzetan gastautakuan, ez da diru publikorik geratzen behar diren gauzetarako. Baina diru publikoa, jatorrian, behar diren gauzetarako da. Eta zergaitik ez dogu ba esango?
Rafa Hidalgori
Ziur nago bere zapata
zolara heldu naizela,
baina gehiago ez