[IRITZIA]: Ikusezinak

Erabiltzailearen aurpegia EukeniBastida 2024ko urt. 9a, 09:29

Batek Evari buruz pentsatzen duenean, bere neurrira sortutako mundu garbi eta aratzean, iritsi berri bat moduan irudikatzen du. Biluzik eta oinutsik, oinez doa belarraren gainean. Begiak itxi eta aire garbia arnastu eta bota egiten du. Bere gorputza ingurune horretan bizitzeko neurrira egina dagoen lasaitasun eta ziurtasuna du, ia arazorik gabe. Ia esaten dut, gauza batzuk ekidin egin behar baititu bere osasuna mantendu nahi badu. Ezin ditu sumendietatik hurbil dauden gasak arnastu, animalia batzuen pozoia saihestu behar du, eta sagar-barietate batek izugarri izorratzen du. Dena delakoagatik, hori horrela da.

Honaino ipuinetako Eva, fabulakoa alegia. Baina bada beste Eva bat, ziur aski ezagutzen ez duzuna, ikusezina delako.

Eva Superwoman bat da, gu guztiok bezala. Gai da hegan egiteko, kamioi bat bere eskuekin altxatzeko, musika-tresna bat jotzeko, ehunka izarren, landareren eta pertsonen izenak buruz ikasteko… Baina dena delako arrazoiren bategatik, gure gorputzak gaur direna izateraino eboluzionatu zutenean hemen ez zegoen artifiziala dan hori guztia, Superwomanentzat kriptonita da. Guzti horrek, izugarri ahultzen du, eta horregatik ez da ia kalera irteten.

Eva durangarra da, 1976an jaioa, eta 2018az geroztik bizi da konfinatuta; izan ere, bere gorputza hipersentikorra da produktu kimiko askorekiko (SQM, sentikortasun kimiko anizkoitza), baita merkatuak gure bizitzari gehitu dizkion uhin elektromagnetikoekiko ere. (EHS, elektro hipersentikortasuna).

Telefonia mugikorraren eta WiFi uhinen boomarekin bakarrik, gure ingurunea gero eta pertsona gehiagorentzako bihurtu da leku kaltegarri.

Elkarteen arabera, Espainian biztanleriaren %15ek sentiberatasun motaren bat izango luke, eta %5ek SQM graduren bat, eta europarren %3 eta %5ek elektrosentikortasuna izan dezakete zenbait gradutan. Lau larritasun maila daude. Eva laugarren mailako larritasuna du, larriena.

Eva ezin izango litzateke uhin elektromagnetikoetatik babestu, ezta Espainiako herri huts horietako batean ere. Izan ere, ia ez dago uhin elektromagnetikorik gabeko lekurik. Gehienok mugikorrari begiratu eta estaldurarik ez izateak amorrarazten gaitu. Eva bezalako perstonentzako horrelako leku bat oasia da. Baina ezin izango litzateke urruneko leku batean bizi, SQM ere baduenez, besteak beste, kimikarik eta pestizidarik gabe elikatu behar baitu. Ekoizpen ekologikoko elikagaiak behar ditu, eta zaila da horrelako produktuak hirietatik kanpo eskuratzea. Gainera, gaixotasun horiek (SQM eta EHS) organo eta funtzio askori eragiten diote gorputzean, eta, denboraren poderioz, arazo fisiko asko eragin dizkiote Evari: ezgaitasun fisiko bat, eta autonomia asko galdu du. Hori dela eta, ezin da bakarrik bizi, ez sarbide edo mugikortasun zaileko lekuetan.

Horregatik, Durangon bizi da. Babesteko baldakin biren barruan bizi da. Bi babes-egitura horiek Faraday-ren kaiola gisa funtzionatzen dute, bata etxeko egongelan eta bestea ohean. Faraday-ren kaiola deitzen zaion horretan, orekan dagoen eroale baten barruko eremu elektromagnetikoa nulua da, kanpoko eremuen eragina hutseratuz. Hau da, kobrezko eta zilarrezko zuntzez osatutako oihal berezi batez egindako zorua, sabaia eta hormak, inguruan ditugun mugikorren, WiFi-en, antenen eta hari gabeko beste sistema batzuen uhin edo erradiazio horiek indargabetzen edo arintzen dituztenak.

(Eva eta haren bi baldakin babesleen argazkiak)

Pertsonok ere bulkada elektromagnetikoen bidez funtzionatzen dugu. Teklatu honetako tekla bat sakatzen dudan bakoitzean, mugimendu hori egiteko ardura duten giharrei nire burmuinetik bidalitako bultzadagatik egiten dut. Eguzkiak eta lurrak ere badituzte eremu elektromagnetikoak, baina ehunka mila urtez eboluzionatu egin dugu inguru horretara egokitzen. Organismo batzuek ezin dituzte jasan jada, produktu kimikoen egungo mailak, ez eta modu artifizialean sortutako karga elektromagnetiko hori guztia ere. Badago ebidentzia zientifikoa ziurtatzeko, eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteak DNA kaltetzen duela, ugalketa-sistema kaltetzen duela, kalte neurologikoak eragiten dituela, bai eta insomnioa, buruko mina, kontzentrazio-arazoak, nekea, disfuntzio kognitiboa, antsietatea, minbizia eta abar ere. Pilar Muñoz Calero Doktorea (2022ko ekainaren 24ko hitzaldia).

Esan beharra dago baita; mendekotasuna duen pertsona bat dagoen tokian, gehienetan zaintzaile bat dago. Kasu honetan; Roberto. Kaparik gabeko beste heroi bat.

Eguneroko jarduera bat da arropan edo azalean kolonia izeneko lurrin konposatu kimiko bat botatzea edo etxeko zorua garbitzea. Guztiok irensten ditugun partikulez betetzen dute gure ingurunea, baina pertsona hipersentiberengan erreakzioa eragiten dute. Kubo bat urez bete eta bertan produktu bat isurtzea, gero fregona batekin likidoen nahasketa hori esparru itxi batean zabaltzeko. Aspalditik pentsatu izan da hori egunero egin beharreko zeregina dela. Produktu hori arnastu eta gogobetetasun aurpegia jartzen duen norbait ipini digute aurrean, "garbitu eta desinfektatu" esaten digutelarik errotulu handietan. Produktu usaina garbi usaina dela sinetsarazi digute. Hori da merkatua. Gure etxeetako zoruak ez daude kutsatuta, eta ez dugu zertan pentsatu gure sukaldeko zorua pinu usaina izan behar duenik, edo bere gainean bihotz irekiko ebakuntza bat egiteko moduan egon behar duenik. Industria kimikoaren garaipen komertziala da.

Badaude garbiketarako eta norberaren garbitasunerako kimiko kaltegarririk gabeko
produktuak. Eva kide den gaixoen elkarteak, lortu du Durangoko Udalak adierazpen
instituzional bat eta mozio bat egitea (2017an eta 2019an) ordezkatzen dituen gaixotasunei buruz (SQM, EM/SFC, FM y EHS). Aurrerago (2020an), udal berberarekin lizitazio bat ateratzeko lan egiten dute. Bertan, instalazio publikoetan, garbiketako produktuak hain agresiboak ez diren beste batzuengatik aldatzea proposatzen da, sentsibilitate kimiko anizkoitza (SQM) duten pertsonek eskuragarri izan ditzaten. Eva bezalako pertsonek hain zuzen ere.

Gure bailara lehen aldiz zapaltzen duen edonori, atentzioa ematen dion gauzetako bat, airean flotatzen duten partikula kutsatzaileak dira.

Matxote kodea hobeto ezagutzen duenarentzat galdera: Gai horietaz arduratzeak
gizontasuna kentzen du, ezta? Baietz iruditzen zait.

“Urte asko daramatzat telefono mugikor bati itsatsita, eta ez zait ezer gertatu!”. Ados. Gauza bera esan dezake zigarro bati itsatsita urteak daramatzan jende askok ere. Kontua da ez garela ohartzen uhin elektromagnetiko horiek eta gainerako produktu artifizialek inguratuta ordu guztiak igarotzeak zein ondorio izan ditzakeen. Noizbait, gure aitona-amonek ere ez zekiten tabakoaren kaltearen norainokoa, baina... zalantzaren bat izanez gero, ezarri dezagun zuhurtasun-printzipioa. Ez?

Osasuntsu gaudenean ez dugu gauza hauetan pentsatzen, baina pixka bat pentsatzen badugu… Horrelako egoera batean, batek eromena hatz puntekin ukitu behar du Fitok dioen bezala.

“Kaltetuak ez garenoi”… Zaila egiten al zaigu giza asmakizun harrigarri horien alde
negatiboa digeritzea?

Itsututa, ez gaude prest beren xarma alde batera uzteko.

Zenbat eta gehiago miretsi, orduan eta kaltegabeagoak iruditzen ote zaizkigu mugikor hauek eta gainerako tramankulu elektronikoak? Zenbat gehiago kostatzen zaio motor-zale bati ihes-tutu batek isurtzen duen kea argi eta garbi kaltegarria dan moduan onartzea? Gure izateko moduak, horrelako egoera batean, defentsa-jarrerak hartzera eta hau esatera garamatza: "Ba okerragoa da tabakoa!". Baloiak kanpora.

Egin diezaiogun aurre. Exposizioa mugatzea, neurri batean, gure esku dago. Baliteke orain ere gailu igorle-hartzaile bat izatea esku artean.

Hurrengo irudian agertzen den persona, gu gara, gure ordenagailu portatilak igorritako uhin elektromagnetikoak jasotzen. Eremu ilunenak inpaktu termiko handiena jasotzen dutenak dira, baina uhinen inpaktuak gorputz osoari eragiten dio, eta askotariko eta larritasun desberdineko sintomatologia sortzen dute. Iturria: Ceferino Maestu Doktorearen Hitzaldia (2020)

Hurrengo irudian, uhin elektromagnetikoek 2000. urtetik hona, gure inguruan izan duten gorakada ikus dezakegu. Gehikuntzak telefonia mugikorraren eta hari gabeko sareen hedapenarekin koinziditzen du Iturria: Ceferino Maestu Doktorearen Hitzaldia (2020)

 

Hurrengo irudia: hau da elementu erraditzaileen arteko aldea. 100 metrora dagoen telefonía-antena baten eta ordenagailu portatil baten WIFI-aren artean. Iturria: Ceferino Maestu Doktorearen Hitzaldia (2020)

Evari,
gaur pixka bat agerikoagoa
izango den esperantzaz

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!