[GUTUNA] "Alkate jauna"

Erabiltzailearen aurpegia EukeniBastida 2023ko mai. 25a, 15:09

Ba al zenekien materia ez dela sortzen ez desegiten, eraldatu baino ez dela egiten? Adibidez, ontzi batean litro bat ur ipini eta izozkailuan sartzen badugu 24 orduz, izotz bloke bat lortuko dugu, eta hau berotzen badugu, 100 ºC pasatzean lurrunean bihurtuko da. Honela, ura bere hiru egoera desberdinetan ikus dezakegu, bakoitzean dituen ezaugarriekin: likido lehenengo, solido gero eta azkenik gas egoeran. Azkenengo honetan, esan genezake desagertu egin dela, baina ez da hala, ontzitik desagertu arren airearen parte izatera pasatu da. Jadanik ezin dugu bere sakabanaketa kontrolpean izan eta arnasgarri izatera pasatu da. Une batean ere ez da ezer ez izatera pasatu, ez da desagertu.

Duela urte gutxi, fabriken kutsadura eta tumore gaiztoak erlazionatzen duen ikerketarik handiena argitaratu zen. Mapan, kolore ilunez ageri dira 5 kilometroko erradioan substantzia kantzerigenoen eraginpean dauden eremuak.

Ikerketa hau industria-emisioei buruzkoa da. Esan beharra dago, Durangaldean emisioak ez direla industria-emisioak soilik. Trafikoa, mendien erreketak, etxeetako berogailu sistemak… ere badaude.

Baina bai ondorioztatu dezakegu, behar dugun azkena dela tximinia gehiago izatea.

Alkate jauna, izan al duzu inoiz arrainontzi bat etxean? Jakina da arrainak beraien ingurune naturaletik ateratzen ditugunean, hauen bizi baldintzak aldatu egiten direla. Eta, egoera onean mantentzeko, oso kontuan izan behar dira amonioa edo amoniakoa, (elementu toxiko nitrogenatua). Bere toxikotasuna akuarioko uraren pH-aren araberakoa da. Halaber, beharrezkoa da nitrogenoaren zikloa ezagutzea, hau da, substantzia nitrogenatuak (arrainentzat toxikoak direnak) bakterio batzuen bidez toxikotasun gutxiagoko beste batzuetan deskonposatzea. Uraren oxigenazio-mailaz ez hitz egiteagatik. Hau dela eta, ura aztertzea funtsezkoa eta lehentasunezkoa da, akuarioko ekosistema arrainak bizitzeko egokia izan dadin. Arrainak ez badaude inguru osasuntsu batean, haien organismoak desorekatu egiten dira, substantzia toxikoak metatu eta gaixotu egiten baitituzte, eta hil egin baitaitezke.

Duela urte gutxi, minbizia diagnostikatu zioten ezagun bati. Medikuek jakin dezakete nolabait, gaixotasuna faktore genetikoen eta jaraunsgarrien ondorio den edo ingurumen-faktoreen ondorio den. Medikuak zera esan zion pertsona honi: "Zure minbizia ingurumen-faktoreek eragindakoa da”.

Aditu bati baino gehiagori entzun diot minbizia garatzeko posta-kodeak eragin handiagoa duela kode genetikoak baino.

Arrainontzian pentsatuz, zer gertatzen da durangaldeko 80.000 pertsona hurrengo emisio hauen eraginpean jartzen baditugu? Emisio Pluitzaileen Estatuko Erregistroak durangaldean urtero igortzen direla dioen hauen eraginpean?

Hidrogeno zianuroa 1.500kg, bentzenoa 7.639kg, amoniakoa 6.189kg, metanoa 41.576kg, karbono monoxidoa 372.038kg, karbono dioxidoa 1.908.226.352kg, opxido nitrosoa 18.242kg, metanoa ez diren konposatu organiko hegazkorrak 242.812kg, nitrogeno oxidoa 401.863kg, azufre oxidoa 42.227kg, PM10 partikulak 53.374kg…gehi trafikoa, erreketak, berogailu sistemak…

Bada, 2023ko otsailaren 3an, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, kolore guztietako politikariak gai horri buruzko ekitaldietara joaten ziren bitartean, Iurreta eta Durangoko airea astuna eta narritagarria zen arnasteko. Bitxia bada ere, sare sozialetan zeresan handia zegoen ekitaldiei buruz, baina aipamenik ez minbizia eragiten duen kausa handienetariko bati buruz. Une horretako PM2,5 partikula konzentrazioaren indikadorearen irudi bat gorde ahal izan nuen.

PM2,5 partikulak gure biriketara sartu eta odol-fluxura iristeko bezain txikiak dira, eta gure organoetara iristen dira. Beraz, ez gara arnas arazoetaz bakarrik ari. Arazoak anitzak izan daitezke: antzutasuna, abortuak, iktusak, bihotzeko arazoak, tumoreak…

Egoera honetan bizi gara ingurune honetan, emisioak hor baitaude, eta gaixotasun bat garatzea zorte kontua baino ez da, haizearen norabideak partikula horiek guk arnastu baino lehen aldentzen dituen edo ez. Gau eta egun.

Hau honela, bailara honetan gauez leihoa irekita lo egitea akats bat izan daiteke.

Munduko Osasun Erakundeak partikula poluitzaileen eraginpean egoteko mugak ezarri ditu. Ulertezina da, Eusko Jaurlaritzak gure osasunaren alde egin eta muga horiek murriztu beharrean, laxoagoa dela, eta hala-nolakotzat hartzen duela OMErentzat txarra dena.

Osasun Sailaren geoEuskadi bisorearen bidez, minbiziaren erregistroa ezagutu dezakegu zonaka. Horrela, eremu bakoitzean minbiziak duen eraginaren arabera koloreztatzen du mapa. Web hau gutako edonork ikus dezakegu. Adibidez, tumore gaiztoen bilaketa egin dut, 2013-2017 bitartean eta gizonezkoetan. Hemen emaitza. Ibañez doktoreak durangaldera etorri zen hartan esandako moduan, hainbat ikerketa daude iturri kutsatzaileengandik gertuen dauden zonaldeetan gaixotasunen inzidentzia handiagoa dela diotenak. Hau horrela da, ez beste modu batean.

Zer egin horrelako egoera baten aurrean? Ahotsa altxatzea eta zirikatzea da errazena, eta hori edonork egin dezakeela uste dut, baina... Zer iruditzen zaizue tartetxo bat pedagogia egiten ematen badugu? Problemari bere dimentsioa ematea, azaltzea, datuak ematea, iturriak aipatuz eta argudiatuz…

Zertan ari gara bakoitza? Zertan laguntzen dute gure hurbileko agintariek?

Ezin gaituzue langileok jarri “edo lana duzu edo osasuna duzu” bidegurutzean. Besteen osasuna murriztuz kostuak merketzen dituenaren gezurra da hori. Ez dugu zertan osasunari uko egin behar. Politikarioi dagokizue aurkezten zaizkigun arazoei irtenbiderik onena ematea, eta airean zikinkeria gehiago botatzea ez da hobekuntza bat.

Zaldibar

Azken lau urteotan ustekabeko zerbait gertatu da. Zaldibarko hegal batean hondakinak botatzen ziren, kolapsatu eta jasotzeari utzi dio. Hara bidaltzen ziren hondakinen artean zeuden Euskadiko paper-fabrika desberdinen hondakinak. Hondakin horiei beste irtenbide bat emateko, Eusko Jaurlaritzak labe bat ezarri die bergararrei. Labe horretan hondakin horiek sartuko dira, eta labearen eraikitzailearen arabera, beroketa horren ondorioz kaltzio karbonato izeneko konposatu solido bat geratuko da. Hori guztia Bergarako erdigunetik 2.000 metrora izango da. Labearen eraikitzailea Elcheko enpresa bat da, eta hau izango litzateke beraien lehenengo proiektua. Labearen aurkezpenean egoteko aukera izan nuen Bergaran. Bertan, Carlos Arribas Zientzia Fisikoetako lizentziadunak gogor erantzun zuen, eta hauxe esan zuen: “Praktikan errauskailua izango da eta oso kutsatzailea izango da”. Hala, proiektuaren zuzendariak erantzun zuen: “Bergararrok Eusko Jaurlaritzaren bermeak izango dituzue; izan ere, guk ingurumen-eskakizunak betetzen ez baditugu, Eusko Jaurlaritzak berak itxiko du instalazioa”. Pertsona horrek ez du ezagutzen guk bezain ondo Eusko Jaurlaritza, edo agian guk baino hobeto ezagutzen du.

Esan beharra dago baita, Europako Next Generation diru laguntzak (gure dirua) trantsizio digitalerako, ekologikorako eta abarrerako laguntzak, mota horretako proiektuetarako erabiltzen ari direla: jasangarriak, berdeak, zero kilometroa… hitzen modukoak erabiltzen. Batzuetan pentsatzen dut gutxi batzuk hartzen dugula arazo hori kontuan, baina… esan beharra dago Bergarako Dikar enpresak 300 langile dituenak, planta hau eraikiko dela jakitean, Arrasatera joatea erabaki duela, langileen botoen bidez (% 70 alde eta % 30 aurka), lurrun eta partikula horiek sortuko dituen instalazioaren ondoan ez egoteko.

Hemen bergararrak 2022an, proiektua eraikiko zela jakin zutenean.

Gogoratu behar dugu Petronorrek Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin jarduten duela, Zaldibarko zabortegiak Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin jarduten zuela, Zubietako erraustegi modernoak Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin funtzionatzen duela. Gure mendiak lurzoru pobretuak direla dagoeneko, Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin monokultibatu eta gero.

Zer egin ingurumen-delituek delitu gisa jasota ez geratzeko? Batzuetan, hainbat albiste bateratzerakoan hobeto ulertzen dira.

Eusko Jaurlaritza honek Industria eta Ingurumen Saila bateratzen dituenean, eta Arantxa Tapia bezalako profila duen jendearekin, oso erraza da kapitala gure osasunari gailentzea.

Iurreta

Hau gure arrain-ontziaren irudia da, hezetasun erlatiboa oso txikia den egun batean. Horrek esan nahi du airean ikusten den hori ez direla ur hodeiak, hainbat iturriren emisioengatik ordu askoan pilatutakoa baizik. Ez emisio iturri bakar batena, baizik eta emisio foku askorena. Hain altua da konzentrazioa, ikusi ere egiten dela. Egoera hau maizegi gertatzen da urtean zehar.

Zalbidarko zabortegiaren kolapsoaren ondorioetara itzulita, paper-fabrika guztiek ez dituzte beraien hondakinak Bergarara bidaliko. Iurretakoak, eraiki du jada bere labe propioa, Udalaren lizentziarekin. Herritarrok ez dugu honen berririk izan, obra martxan ikusi dugunera arte. Orain, ziurtasunak eta galderak ditugu. Smurfit Kappa paper-fabrikako gerenteari eskerrak eman behar zaizkio, prentsaren bidez gai horri buruzko datuak eman dituen bakarra izan baita.

Orain badakigu urtean 75.000 tona ez direla zabortegira bidaliko. Egunean 205,5 tona dira hauek. Badakigu baita, egunean 120 tona kare ekoisteko gaitasuna duela labe berri honek.

Hemen alkatearentzako galderak: jo dezagun labeak bere errendimendu maximoan lan egiten duen egun batean, 205,5 tona hondakin sartzen bazaizkio, eta honek 120 tona kare sortzen baditu, nora doaz beste 85,5 tonak egunean? Hortik zenbat aterako da tximiniatik? Zein konposatu aterako da tximiniatik eta zein eragin izango du Iurreta eta Durangoko bizilagunengan?

Nola liteke legealdian zehar kutsadura-gertakari larriak izatea eta alkate batek ezer ez esatea?

Nola liteke, herritarrak kutsatzaileen maila oso altuen eraginpean egon diren aldi horietan guztietan, udalek abisu argirik eman ez izana herritarrei? aire zabaleko jarduerak ez egitea gomendatuz, hala nola eskola-kirola?

Nola liteke X tona horiek airera isuri nahi izatea hirigunetik 1.500 metrora, eta udalak obra lizentzia ematea, edozein bizilagunen komunaren erreformari baino garrantzi handiagorik eman gabe?

Inguruko biztanleen %100ak ezingo ditu emisioak saihestu. Dagoeneko ohikoak diren gasez gain, denok arnastuko ditugu gas horiek. Baina, erabiltzen den lengoaiaren arabera, arnasten dugun airera gas eta partikula gehiago igortzea dotoreziaz apaindu ere egin daiteke.

Norbaitek gai honetaz hitz egiten digunean jakin behar dugu badela osasunari buruz hitz egiten ari dena, badela politikari buruz hitz egiten diguna eta badela bere negozioei buruz hitz egiten diguna. Perspektibak, ikuspegia eta argudioak aldatzen ditu.

Europako araudiez ari garela, gogoratu behar dugu Europak esaten duela badaezpadako printzipioa ezarri behar dela. Prozesu baten segurtasunari buruzko zalantzarik izanez gero, bertan behera geratu behar duela.

Udaletxeko norbaitek erabaki du emisio extra hauek asumitzeko modukoak direla. Biztanleek asumitzeko modukoak.

Jendearentzat kaltegarri diren gauzak egiteko erabakiak hartzea, jendea kontuan izan gabe azkar eta gaizki zahartzen diren erabakiak dira batzuetan. Bururatzen zaizkit zenbait adibide inguruan.

Norbaitek uste badu egun hauetan argitaratzen dudala idazki hau, alkate honi botoren bat kostatu dakiokeela uste izanda, esan behar dut egia dela, hori da nire asmoa. Herri bati hau egitea eta alkategai izatea ez da bateragarria nire ustez.

Era berean, ez nuke inongo alderdiren aldeko kanpainarik egingo. Bakoitzak erakutsi dezala herritarren ongizateaz duen ardura. Hauteskunde-garaian gutxi azaltzen da zer egingo den, eta kolore eta bandera gehiegi erabiltzen dira. Bertsolari bikain bati entzun nion behin banderekin gehiegi nola flipatzen dugun hausnartzen. Honela zioen: "Ondo begiratzen baduzue, banderak haizeak kulunkatzen dituen trapuak besterik ez dira. Eta haizerik ez dagoenean, ez dira ezta hori ere ez."

Oraingo alkateari botua kentzea, politikariei mezu bat bidaltzeko eta gure lehentasunak ezartzeko modua litzateke. Denak ez du balio.

Asko sentituko nuke norbait idazki honekin mindu izana. Egoera salagarria dela iruditzen zait.

Gutxi batzuek horrelako erabakiak hartu ondoren, besteei zortea opatzea baino ez da geratzen.

       *Eskerrik asko bidelagun zaituztedanoi, zuek gabe ez litzateke posible izango

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!