Bibliotekek badute merkatuaren logikatik ihes egiten duen zerbait. Ez dizute ezer erosteko eskatzen han egoteko. Ez dute presarik sortzen. Ez zaituzte bezero bihurtzen. Atea zeharkatu, eseri eta egon egin zaitezke. Gero eta espazio publiko gutxiagok eskaintzen duten askatasuna da hori.
Horregatik, bibliotekak ez dira liburuak mailegatzeko zerbitzu hutsak. Herri baten zaintza-sarearen parte dira. Ezagutza partekatzen dute, baina baita denbora, lasaitasuna eta elkarbizitza ere. Bertan elkartzen dira ikastera doan gaztea, ipuinak entzutera datorren haurra, irakurle-klubeko kideak eta egunkaria lasai irakurri nahi duen herritarra. Komunitatea ez da aldarrikatzen; horrela eraikitzen da.
Bizenta Mogel bibliotekak urteak daramatza bide horretan. Irakurketa sustatzeko ekimenek, kultur jarduerek eta hainbat belaunalditako pertsonak elkartzeko ahaleginek erakusten dute biblioteka ez dela solik bilduma eder bat duen eraikina, harremanak ehuntzeko espazioa baizik.
Klima-aldaketak gero eta maizago ekarriko dizkigu bero-boladak, eta babesleku klimatiko gehiago beharko ditugu. Baina ez dezagun ahaztu beroaren aurkako babes horrek beste zerbait ere irudikatzen duela. Herri baten indarra ez dago soilik eraikitzen dituen azpiegituretan; elkar zaintzeko gai diren espazio publikoetan ere badago. Eta bibliotekak, isilean, horixe egiten du egunero.