Desinformazioari aurre egin beharra

Erabiltzailearen aurpegia Esti Albizu Goikoetxea (Bizenta Mogel) 2026ko urtarrilaren 30a

Azken urteetan, kezkagarria da zein erraza den informazio faltsuak edo "buloak" gure gizartean hedatzea. Sare sozialei eta berehalako mezularitzari esker segundo gutxian milaka pertsonen artean zabaldu daitezke eduki engainagarriak, egiaztapen kritikorik gabe. Fenomeno horrek norbanakoen erabakiei ez ezik, demokraziari eta gizarte-kohesioari ere kalte egiten die.

“Buloen” eragina bereziki larria da jende zaurgarriaren artean. Adinekoak, adibidez, ez dituzte ezagutzen sare sozialen dinamikak eta informazioa manipulatzeko estrategiak, eta horregatik errazago eror daitezke iruzur ekonomikoetan edo osasun-aholku arriskutsuetan. Era berean, informazio faltsua kolektibo jakin batzuen aurka zuzendu ohi da —etorkinak, gutxiengoak edo talde marjinalizatuak—, estigma sozialak indartzeko eta haien aurkako beldurra eta gaitzespenak ereiteko. Mezu horiek, gainera, gorroto diskurtsoa elikatzen dute, eta gizartearen banaketan sakontzen dute, hain zuzen ere, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak babesteko mekanismoak beharren ditugunean.

Egoera honetan, ezinbestekoa da pentsamendu kritikoa eta alfabetatze informatiboa lehenestea. Ez da nahikoa buloak agertu ondoren gezurtatzea; norberak garatu behar du informazioa ebaluatzeko eta iturri fidagarriak identifikatzeko gaitasuna. Hezkuntza da giltzarria, baina helduek ere behar dute formakuntza hori, batez ere komunikazio digitalaren erabilera intentsiboa egiten dutenek.

Egoera honetan, bibliotekek funtsezko zeregina dute. Historikoki informazio fidagarriaren eta ezagutzaren babeslekuak izan dira, eta gaur egun ezinbestekoak dira herritarrei laguntzeko iturri fidagarriak identifikatzen eta pentsamendu kritikoa garatzen. Ezagutza zientifikoari buruzko hitzaldiak, irakurketa kritikorako baliabideak eta alfabetizazio informatiborako programekin, bibliotekak ezinbesteko tresnak edo zerbitzuak dira desinformazioari aurre egiteko. Guztion ardura da komunitate arduratsu eta informatua eraikitzea, eta bibliotekek, beren hezkuntza- eta gizarte-funtzioekin, tresna indartsuak dituzte bidea errazteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!