Askatasun intelektuala sarri aipatzen dugun kontzeptua da, baina zer esan nahi du benetan biblioteka baten testuinguruan? Ez da soilik edozein liburuk apalategian izateko zilegitasuna edukitzea; askoz sakonagoa da: herritarrek informazio askotarikoa eskuratzeko eskubidea dutela bermatzea da, informazio hori polemikoa edo norberaren iritziarekin bat ez etorri arren.
Bowlesek bere ibilbidean zehar argi utzi du zer den printzipio hori praktikan defendatzea. Presio sozialaren, politikoaren edota bere taldearen presioaren aurrean, irmo eutsi zion zentsurari ateak ez zabaltzeari.
Gure gizartean gero eta joera handiagoa dugu geure ideologiari edo gustuei egokitzen zaizkien espazioetan isolatzeko. Sare sozialetan gure iritzia berresten duten edukiak kontsumitzen ditugu; ingurune digitalean algoritmoek erakusten digute gustuko duguna, eta ez hainbeste gure ideiekin bat ez datorrena. Horrela, pixkanaka-pixkanaka burbuiletan sartzen gara, eta zailagoa egiten zaigu ulertzea gurekin ados ez daudenek ere beren arrazoiak izan ditzaketela.
Testuinguru honetan, biblioteka publikoek funtsezko eginkizuna dutela uste dut. Bibliotekak dibertsitatea bermatzen duten espazio publiko eta demokratikoak izan behar dira, non edonork aurki dezakeen informazioa, bere iritzia edozein delarik ere. Horrek esan nahi du, batzuetan, gure gustukoak ez diren ideiak ere bertan egongo direla.
Baina honek ez du esan nahi erlatibismoan erortzea. Denak ez du balio, noski! Bibliotekek badituzte oinarri sendoak: giza eskubideen defentsa, datu zientifikoen errespetua, eta batez ere, eztabaidarako eta hausnarketarako espazioak. Ez da buloak edo desinformazioa hedatzen laguntzea, baizik eta herritarrei bulo horiek identifikatu, ulertu eta haien aurrean modu kritikoan jarduteko tresnak eskaintzea. Horixe da askotariko informazioa eskaintzearen ondorio zuzena.
Biblioteken zeregina, beraz, askatasun intelektuala defendatzea eta espazio publiko irekiak bermatzea da. Jakina da bibliotekek informazioa eta liburuak eskaintzeaz gain, besteak beste, komunitatea indartzen dutela, hezkuntzarako eta kulturarako sarbidea berdintzen dutela, bakardadea arintzen dutela, herritarren gaitasun digitalak indartzen dituztela eta elkargune seguruak sortzen dituztela..