Gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko gakoaren bila

Gaur egungo gizartean, helduok sarritan kexatzen gara gazteek gutxiago irakurtzen dutelako. Baina, horren atzean, galdera handiago bat dago: zein da gazteen artean irakurzaletasuna berreskuratzeko eta sustatzeko gakoa? Testuinguru digital eta azkar honetan, non pantailak eta informazioaren kontsumo etengabeak nagusi diren, irakurketa tradizionalarekiko atxikimendua galtzea errazagoa bihurtzen da.

Gakoaren bila, ezin dugu ardura gazteen gain utzi; erakunde/helduok dugu ardura handia. Izan ere, irakurketara emozioz heltzea ezinbestekoa da, batez ere haurtzaroan, atxikimendu positiboa eta iraunkorra sortzeko. Ez da nahikoa “irakurri egin behar da” esatea; gure jardunean eta bizimoduan irakurketa plazer gisa erakutsi behar dugu, liburuek etxean lekua izan dezaten eta gazteen gustuak eta erritmoak errespetatuak izan daitezen.

Udako oporrek aukera ezin hobea eskaintzen dute irakurzaletasuna berriz pizteko. Atsedenaldian eta giro lasaian, gazteek beren erritmoan liburuetan murgiltzeko aukera handiagoa dute.

Bibliotekek eta liburu-dendek gazteen irakurzaletasuna sustatzeko aliatu gisa funtzionatzen dute, eta, halaber, helduek (familiak eta irakasleak) rol garrantzitsua izan dezakete gazteak horretara bideratzerakoan. Hainbat espazio eskaintzen dituzte, non gazteek liburuak aurki ditzaketen, eta gainera, irakurketarako giro egokia eta gune lasaiak sortzen dituzten. Liburu-dendek eskaintzen dituzten liburuen aukeraketa zabala eta bibliotekek antolatzen dituzten ekintza eta irakurle-klubek gazteen interesa piztu eta motibatu dezakete. Helduak ere eredu izan daitezke gazteentzat, biblioteka eta liburu-dendetara bideratuz eta irakurketaren garrantzia transmitituz, horrela gazteen irakurzaletasuna sustatzeko.  

Azken finean, gazteen irakurzaletasuna eraikitzeko gakoa ez da soilik liburuak eskaintzea, baizik eta emozioak, ereduak eta ingurune lagungarriak sortzea. Eta hori lortzeko, guztion inplikazioa beharrezkoa da —helduak eta gazteak elkarrekin, irakurketaren bideari segida emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!