Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeek gizarteari egindako ekarpenak ikusarazi nahi dira. Egun horretan bibliotekek emakume idazleen lanak, emakumeen eskubideen aldeko liburuak eta gai garrantzitsuak jorratzen dituzten jarduerak eskaintzen dituzte, emakumeen ahotsa eta ikuspegia zabaltzeko. Halaber, bibliotekek emakumeen parte-hartzea eta autoritatearen ahalduntzea sustatzen dituzte.
Durangoko udal bibliotekak emakume baten izena du; Bizenta Mogel. Bere izenarekin emakume baten ekarpen eta garrantzia aitortu nahi da; Bizenta Mogel euskarazko liburu bat argitaratu zuen lehenengo emakumea izan zen, eta bere izeneko bibliotekan emakumeen eta euskararen aldeko apustu etengabea egiten da. Bizenta Mogel bibliotekan emakumeen ahotsak eta lanak eskuragarri jartzea egunerako zeregina da, eta horren adibideak ditugu bertako bilduma eta ekintzen programazioa. Izan ere, Bizenta Mogel bibliotekaren helburu nagusietako bat gizarte parekideago bat eraikitzea da.
Bibliotekak komunitatearen bizitzan eragina duten espazioak dira, eta bertan herritarrek jakintza eta kultura partekatzen dituzte; Bizenta Mogel biblioteka ez da salbuespena. Biblioteken eguneroko lanak konfirmatzen du egunero dela martxoaren 8a, emakumeen eskubideak eta borroka egunero baloratzen dituztelako eta emakumeen ahotsak eta ikuspegia bultzatzen jarraitzen dutelako urteko egun guztietan.