Biblioteka komunitarioa: norbanako proiektuetatik ekarpen kolektiboetara

Biblioteka komunitarioak komunitatearentzat jakintza ugari eskaintzen ditu eta herritarren parte-hartzea eta lankidetza sustatzen ditu. Haren helburua ez da soilik mailegu zerbitzua eskaintzea, baizik eta kultur gunea eta gizarte elkargunea izatea; interes komuneko pertsonak elkartzeko guneak dira. Irakurketa taldeak eta lanerako guneak bezalako ekimenek lankidetza sustatzen dute, eta, hala, norbanako proiektuak kolektibo bihurtzen dira.

Biblioteka komunitarioak ezinbesteko tresnak dira norbanako proiektuak sustatzeko eta komunitateari ekarpen kolektiboa egiteko; etorkizun inklusibo eta jasangarriago baten oinarriak dira.

Durangoko Bizenta Mogel udal bibliotekak bere proiektuarekin biblioteka komunitarioa izan nahi du; bizirik dagoen espazioa da, eta ikaskuntza, ideia trukea eta elkarlana bultzatu nahi ditu. Bertako jarduerak eta erabakiak komunitatearen beharretara egokitzen ahalegintzen da, eta horren bidez parte-hartzea eta lotura emozionala sustatu nahi ditu.

Bide hori jorratzen jarraitu nahi dugu eta oraingo honetan 'LAB egunak' deituriko tailerrak eskaini nahi dizkizuegu:

Otsailetik ekainera bitartean, hileko lehen ostegunean, arratsaldean, bibliotekako gela bat sorkuntzarako espazio irekia izango da. Espazio horretan proiektuak prototipatzeko tresnak eta makinak egongo dira: 3D inprimagailua, laser mozketa makina, zirkuituak sortzeko material elektronikoa eta diseinuak gauzatzeko ordenagailuak. Gainera, bertako elementurik baliotsuenak komunitatearen jakintza eta esperientzia izango dira.

Adinak ez du garrantzi handirik espazio honetan; aldiz, ikasteko, partekatzeko eta egiteko gogoak bai. Helburua ez da soilik produktuak sortzea, baizik eta gauza berriak ezagutuz eta sortuz gozatzea, bakarka zein taldean. Artisten eta ekintzaile txikien talentua garatzeko espazioa eskaini nahi dugu, komunitatearentzat onuragarriak diren proiektuak sortzeko.

Aurrerago, eta bertan nabarmentzen diren interesetan oinarrituta, lantegiak programatuko ditugu: diseinuari loturikoak, software libreari loturikoak, fabrikazio digitalari loturikoak....

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!