Espazio komunitarioak erdigunean

Palacios del pueblo: políticas para una sociedad más igualitaria (Capitan Swing, 2021) lanean, Eric Klinenbergek azaltzen du gizarte-azpiegiturek, bibliotekek, parkeek eta bestelako espazio komunitarioek eginkizun erabakigarria dutela ongizatea eta gizarte-kohesioa sustatzeko. Klinenbergek aurkezten duen adibide nabarmen bat 1995ean Chicagon izan zen bero-bolada da. Egoera sozio-ekonomiko zaurgarridun bi auzoren esperientziak alderatzen ditu: bata azpiegitura sozial sendoarekin eta bestea gabezia nabarmenekin. Klinenbergek, liburuan, bero-boladak auzo horiei neurriz kanpo nola eragin zien deskribatzen du. Gizarte-azpiegitura sendoa zuten auzoetan heriotza-tasak askoz apalagoak izan ziren, bertako errekurtsoei eta sortutako giza-sareari esker. Gainera, auzo horietako heriotza-tasak auzo aberats batzuetan jasandakoen antzekoak izan ziren. Azpiegituretan hutsuneak zituzten auzoetan, berriz, heriotza-tasak izugarri handiak izan ziren.

Esperientzia honekin, gizarte-azpiegituren beharraz eta garrantziaz hitz egiten digu Klinenbergek. Kasurako, bibliotekek komunitatearentzat betetzen duten funtsezko zeregina nabarmentzen du; hezkuntzarako zein norberaren garapenerako baliabideetarako sarbidea emateaz gain, pertsonek kultura-jardueretan, ekitaldietan eta gizarte-programetan parte hartzeko lekua ere bada.

Bizenta Mogel biblioteka herritarren parte-hartzea sustatzeko bizi-eremu gisa erakutsi nahi dugu; denetariko pertsonak biltzea, ezagutzak eta esperientziak partekatzea eta komunitate-loturak indartzea dira gure helburuak. Gainera, udaleko beste zerbitzuekin elkarlanean, biztanleen askotariko beharrei erantzuteko zerbitzuak eta programak eskaintzen ditugu, ekitatea eta hezkuntza- eta kultura-baliabideetarako berdintasunezko sarbidea sustatuz.

Bibliotekak “herritarrentzako jauregiak” dira: komunitatearen gizarte-egituraren osagai integralak diren heinean, gizarte kohesionatuagoa eta erresilienteagoa garatzen lagunduko dute.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!