Zer egin dezakegu geure arlotik, geure esparrutik, isilik ez gelditzeko? Zeintzuk dira jarduerak edo ekintza eraginkorrak gure desadostasuna adierazteari gehitu eta honi guztiari aurre egiteko?
Gure bibliotekan azaroaren 29an egin genuen Giza Bibilioteka nabarmendu nahi nuke. Udaleko Immigrazio Sailarekin elkarlanean antolatzen dugun Bideak gurutzatuz ekimenaren barruan kokatzen da ekintza hau. Aurten VII. edizioa antolatu dugu.
Giza Biblioteka egitasmoa 2000. urtean sortu zuen Stop the Violence GKEak Danimarkako Kopenhage hirian. Giza Bibliotekaren bidez desberdintasuna goraipatzen da, eta sustatu egiten dira elkarrizketa, tolerantzia, ikaskuntza eta beste bizitza-estilo eta kulturetatik datozen pertsonek elkar ulertzea. Ekimen honetarako bi osagai baino ez dira behar izaten: bizipenak kontatzeko prest dauden pertsonak eta istorio horiek entzun gura dituen jendea.
Espazio honetan sortzen diren elkarrizketetan pertsona guztien esperientzia modu berean ikusarazten da. Irakurleen eskura jartzen diren bizitza-istorioek ikasketa eta enpatia-komunitatea sortzen dute, liburu tradizionalek edo adituek lor dezaketena baino askoz handiagoa. Irakurleek ohiko mugetatik haratago dauden egoerak, sentimenduak eta emozioak ezagutuko dituzte.
"Giza liburuen" bizitza-historiak ezagutu eta haien perspektibak ulertzean, ulermen handiagoa sustatzen da, eta diskriminazioa eta gatazkak eragin ditzaketen gaizki-ulertuak gaindi daitezke.
Pertsonak baztertzeko ekintza, hau da, norbait objektu edo estereotipo batera murriztea, bere gizateria indibiduala kontuan hartu gabe, arazo nagusia da gatazka eta arazo sozial askotan. Giza bibliotekek zuzenean ekiten diote arazo horri, espazio bat eskaintzen baitute, non pertsona guztiak uler eta hauteman baitaitezke, azaleko edozein etiketa edo kategorizaziotik haratago.
Hau guztia gertutik ikusi eta ezagutu ondoren ezinezkoa da isilik geratzea.