Irakurketa bukatu eta galderak sortu zaizkit; eta guk, nola eratu dugu geure kontakizun propioa? Norbanakoak garen aldetik, denok daukagu kontakizun hau sortzeko edota eratzeko aukera? Eta herri edo gizarte modura? Eskubidea bai, noski, baina aukera? Pauso garrantzitsua da, nire ustez, aitortzea pertsona guztiek, eta gizarte guztiek ere, ez dutela beren kontakizun propioa izateko pribilegioa. Norbearen nortasuna eta narrazio pertsonala adierazteko askatasuna edukitzea gutxi batzuen kontua da, berez. Zentsura, diskriminazioa, pobrezia eta gainerakoak pairatzen dituzten gizarteetako kideek oso zail izango dute, norbanako zein gizarte modura, kontakizuna sortzea eta hedatzea.
Gainera, gure gizarteetan hainbat elementu bermatuta egon behar dira: hezkuntza eskura izatea funtsezkoa da komunikaziorako eta hausnarketa kritikorako trebetasunak garatzeko. Kalitatezko hezkuntza jaso ahal duten pertsonek aukera gehiago dituzte beren kontakizuna eraikitzeko eta adierazteko.
Bizitza egonkorra eta segurua izateak norberaren nortasunari eta narrazioari buruz hausnartzeko ingurune egokia eskaintzen du. Indarkeria-egoeretan, muturreko pobrezia egoeretan edo desplazamendu-egoeretan bizi diren pertsonek ez dauzkate hausnartzeko eta beren kontakizuna partekatzeko behar dituzten espazioa eta baliabideak.
Kultura eta gizarte-nortasunen aintzatespena eta balorazioa funtsezkoak dira pertsonak beren kontakizuna partekatzeko ahaldunduta senti daitezen. Komunitate baztertuetako edo gutxiengoetako kideek erronka gehigarriak dituzte beren ahotsa entzunarazteko eta besteek haien historia aintzat hartzeko.
Gizarte modura, eta bakoitzak bere arloan, garrantzitsua da denontzako kontakizuna izateko pribilegioa aitortzea eta modu kontziente eta arduratsuan erabiltzea inklusioa, aniztasuna eta ekitatea sustatzeko. Funtsezkoa da, halaber, historikoki bazterturik edo isildurik izan direnen ahotsak indartzea, plataformak eta aukerak eskainiz, beren narratiba partekatu dezaten eta gure munduaren ulermen kolektiboa aberasten lagun dezaten.
... eta horretan ari gara Astarloa Kulturgintza osatzen dugun San Agustin Kultur Gunea, Arte eta Historia Museoa, Plateruena Kultur Aterpea eta Bizenta Mogel biblioteka.