Ikasle alemanak Elorrioko Institutuan

Erabiltzailearen aurpegia Elorrioko Institutua 2014ko mar. 17a, 16:55
Martxoaren 20tik 27ra bitartean Alemaniako IGS Peineko 30 ikasle gure artean izango ditugu.

Azken ikasturteetan gertatu bezala, aurten ere Elorrioko Institutuak Alemaniako IGS Peine ikastetxearekin elkartruke europearra burutuko du.

Aurten 30ikasle eta 3 irakasle etorriko zaizkigu martxoaren 20tik 27ra bitartean eta era honetan elkartrukea bere osotasunean borobilduko dugu.

Urteak dira Elorrioko Institutuak Elkartruke Europearren alde eta Hezkuntza Eleanitzaren alde apostua egin zuela. Sinestuta gaude gure ikasleriari eskaini diezaiokegun bizi-esperientzi egokia dela eta datozen urteetan ere DBH 4.mailako ikasleei eskaintza hau luzatzen ahaleginduko gara.

2013-2014.ikasturteko elkartrukean zenbait kontu aldatu ditugu eta besteak beste Elorrioko Institutuko ikasle eta irakasleak 2013ko gabon aurrean izan ziren Peine herrian. Aldaketa hau guztiz egokia gertatu da, batetik herrian bertan bizitasun gehiago somatzen zelako eta bestetik ingelesean modu egokian aritzeak beste balio bat hartu duelako gure ikasleentzat.

Ostegun honetan datozen ikasle eta irakasle alemanekin egitarau zabala landuko dugu: Elorrioko herria ezagutu eta baita gure hizkuntza ezagutu, Zumaian Flysch-en ibilbidea egingo dugu eta Ekain Berri kobazuloan sartuko gara, arraunean egingo dugu Bilbon, perkusio tailerra landuko dugu eta eskuartean dugun proiektuari amaiera emango diogu.

Aste bete izango da, luzea baina aldi berean motza, lanez gainezka ibiliko garena baina agur esaterakoan sentimenduak bor-bor aterako direna. Hauxe da Europear Elkartruke bat.    

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!