Eskerrik asko, Elorrio

Pozik gaude, emozioari eutsi ezinda, eta zuei esker da. Mila esker, Elorrio; maiatzaren 7koa sekulakoa izan zen. Herritarren %34,02k eman genuen botoa; 2.104 pertsonek prestatu genuen gure gutunazala. 1.982k baietz esan zioten euskal estatu burujabeari –%94,20k–; 98k ezetz–%4,65k–; 11 boto zuri egon ziren eta 13 baliogabe. Dena den, sekulakoa diogunean ez gara ari emaitzengatik soilik: emaitzengatik ari gara, baina boluntarioengatik ere ari gara, herritar desberdinen borondatearengatik eta saretze eder honengatik.

Erabakitzeko eskubidearen gaia mahai gainean jarri dugu, amets bat izatetik errealitate izatera igaro da; eta gai izan gara horretaz berba egiteko, eztabaidatzeko, oinarriak hitzartzeko, errespetuz, elkarri entzunez. Mila aldiz esan digute galdeketek gizartea zatitzen dutela, baina Elorrion ikusi dugu hori ez dela horrela: galdeketek, ariketa demokratikoek, herria kohesionatu eta batzen dute. 

Parte-hartzea: lana eta borondatearen emaitza, eta horretan ez dugu eragin Elorrio Gure Esku Dagoko kideek bakarrik. Zuek guztiok zarete Elorrio Gure Esku Dago. Egunotan, batek baino gehiagok galdetu digu ea onak izan diren gure emaitzak: lasai egon, bikainak izan dira, aurrekaririk gabekoak. Horrelaxe lortuko dugu hemendik urte batzuetara Euskal Herrian halako galdeketa bat egitea. 

Zergatik dira gure ustez onak datuak? Batetik, Kataluniako prozesua dugu: 2009ko lehen olatu hartan herritarren %27k parte hartu zuen. Txalo artean jaso zituzten emaitzak, bidea irekitzen ari ziren. Herriak herriarentzat prestatutako lehen galdeketak ziren. Euskal Herrian, %25,49ra igo genuen langa domekan.

Beste erreferentzia bat ere bagenuen: Gelida (7.253 biztanle/18,08%), Montblanc (7.290/22,21%), Viladecavalls (7.365/16,70%) eta Centelles (7.372/32,09%). Herri horiek Elorrioren parekoak dira, gutxi gorabehera, biztanle kopuru aldetik

Emaitzen neurriaz jabetzeko, galdera hau egin diezaiokegu geure buruari: noiz eta zeren inguruan egin dugu bat 2.104 elorriarrek? 

Azken urte hauetan erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua hazi egin da Elorrion: 123km-ko katea baten eslaboia izan gara milaka elorriar/ Zurriola hondartzako hare-garaua izan gara / hari, orratz, jostun izan gara / une batez gau bateko iluna argitu eban kriseilua izan gara / beharrezkoa izan den sinadura izan gara / eta…. orain…. boto izan gara, 2.104 boto. 

Zorionak emateko unea heldu da: Elorrioko Gure Esku Dagon eta herri galdeketa honetan sinistu duzuenoi eskerrak emateko momentua da. Irailetik honako hilabeteak gogorrak eta zoragarriak izan dira. Herri moduan erabakitzen hasi gara, posible dela ohartu gara. Hau hasi besterik ez da egin. Erabakitze eskubidearen dinamika honi eutsiz, laster ailegatuko da 3.000.000 biztanleko herri honetara etorkizuna adostasunez eta boto bidez erabakitzeko aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!