Jazarpen sexista baten berri eman du Elorrioko Bilgune Feministak

Erabiltzailearen aurpegia Elorrioko Bilgune Feminista 2017ko urt. 12a, 16:23

Neska elorriar batek azken sei urteetan gizon baten partetik jazarpen eta mehatxuak jaso dituela salatu du, Bilgune Feministak ANBOTOko komunitaterako idatzitako gutun honetan dioenez. Salatzen duen bigarren aldia izan da, eta epaileak sei hileko urruntze agindua ezarri dio gizonari.

Hauxe gutuna, hitzez hitz:

Itsaso, Ane, Larraitz. Berdin du zein izeneko beste emakume bat, emakume bat gehiago, ertzain-etxera sartu da azken sei urteotan gizon baten partetik jasaten dituen jazarpen eta mehatxuak bigarren aldiz salatzera. Ertzaintzak abisatu du, kasua ez dela inora joango, "asmo txarreko txantxa bat" besterik ez dela hau, legeari dagokionean. Aholkatu diote, "ez dezala gertatzen ari zaiona gehiegi zabaldu, diskretua izan dadila", izan ere, gizona ez da errumaniarra, ez eta marrokiarra. Bertan jaio, bizi eta bertako lagunak eta familia dituen gizon zuri Elorriarra da. Seguraski, ertzain-etxera hurbildu den emakumea ez zihoan inoren iritzi edo aholku bila, beharrezko dituen babes neurriak eskura jarriko dizkion norbaiten bila baino.

Itsaso, Ane edo Larraitzek pasa den asteazkenean joan behar izan zuen epailearen aurrera, bere erasotzailearen ordu eta leku berean, azken sei urtetan bigarren aldiz. 2010.ean izan zen epaiketan emakume hau "iraindua" izan zela erabaki zuen epaileak, Genero Indarkeriaren Aurkako legeak ez dituelako aintzat hartzen bikotekidea edo bikotekide ohia ez diren gizonengandik jasaten ditugun eraso matxistak. Beraz, erasotzailea, epaitegian sartu zen erosotasun eta babes berarekin atera zen bertatik. Bigarren epaiketa honetan, sei hilabeteko urruntze agindua ezarri dio. Itsaso, Ane edo Larraitzentzako epai honek sei hilabeteko atzerakontu bat suposatzen du, berriz ere erasotua eta mehatxatua izateko sei hilabete falta zaizkiola diotsa, ekaina bueltan bera eta bere ingurua gaur egun bizi duten amets-gaizto bera bizitzen hasiko direla. Ez hori bakarrik, sei hile hauetan Ertzaintzaren patruila bat izango du bere etxea, bere lantokia, bere aisialdirako erabiltzen dituen lekuak zelatatzen. Ez da ba, erasotzailea, zelatatuta egon beharko litzatekeena?

Eta azken finean, berdin du. Epaiketa bukatu eta bi ordutara gizon zuri Elorriarra bere ohiko lekuan zegoen, ohiko kafea ohiko jendearekin hartzen. Izan ere, emakumeontzat garrantzitsuak dira neurri judizial guztiak, dituzten hutsuneak dituztela, baina are garrantzitsuagoa da herritar sare kontzientziatu eta intolerante bat, ezelako erasotzaileri gure artean lekurik ez duela erakusteko prest dagoena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!