Bla bla

Ondo ezagutzen ditut (ez)ezagunen kotxeak: usainak, protokoloak eta hizkuntzen nahasketa arraro hori. Eta istorioak. Ez-leku izateko; mugimendu, itxaronaldi, sentipen eta umore gehiegi bizi izan ditut jada leku horietan. 

Asteburu pasa hirira doazen lagun bi, urtero hiriz aldatzen duen polizia nazionala, biloba jasotzera doan amama, azken 10 urteetan urruneko pertsona batez maiteminduta dagoena, mugikorrari begira gidatzen duena, jatekoa eskaintzen dizuna, hitzik egiten ez duena. “Tabakoagatik familia galdu dut”, “dantzari profesionala nintzen”, “ez dakit nola esan lagunari nahiago dudala lan egin eta dirua irabazi bere urtebetetzera joatea baino”, “ezin zenbatu zenbat lekutan egin dudan lan”, “herri berekoak gara eta gaur arte ez dugu inoiz elkar ikusi”, “zertara jolastuko gara?”, “behin, vodka botila oso bat edatera behartu ninduen, eta botaka egitean, botaka jaso eta hori berau edatera behartu ninduen, bigarrenez” “kotxean ematen dut egun erdia”, “badakit txakurrak lapurtzea ez dagoela ondo, baina…”, “osasunagatik konpartitzen dut bidaia, osasun ekonomiko eta mentalagatik”.

Eta galderak, “noiz arte egongo zara hemen? Zer ikasi duzu? Zertan egiten duzu lan? Gustuko duzu hemengo jendea? Zaila egiten zaizu hara-hona ibiltzea? Zer uste duzu kontatu berri dizudanaz? Ulertzen nauzu? Zuk zer egingo zenuke? Eman ahal dizut gomendio bat?”

Intimitatea. Orduak ematen ditut ez soilik bidaian; orduak eman egiten dizkiot bidaikideari, eman eta jaso egiten dira hizketaldiak eta mikrobioak autoan. Bizipenak konpartitzen dira, bidaia arinago egiteko, entzungo zaituenaren sentsazioa izan duzulako, erabakitzeko astirik uzten ez dizun bapatekotasunagatik, edo auskalo zergatik. Kontua da bost ate horien barruan, bizitzak eta horrek guztiak dakarrenak kanporatzen direla, konfesio txokoetan antzera, bertatik irtengo ez diren konfiantzaz. Eta, ohartu gabe, istorio horiek norberaren parte izatera ailegatzen dira, ez dakizu noiz eta zelan, baina goiz batean bidaia hartako elkarrizketa bat datorkizu burura, eta pentsatzen hasten zara, nola egongo ote den pertsona hura, zer egingo ote zuen azkenean, konponduko ote zuen buruhauste hura. Ohartu gabe istorioak nahastu egin zaizkizu. Barruan eta mugimenduan daude.

Urrunetik ezin dira gertuko istorioak kontatu eta horregatik agurtzen naiz, momentuz. Nahiz eta badakidan, barruko istorioek nonahi dutela zentzua, nonahi nahasten direla.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!