Gehiegi hitz egiten dut, badakit. Gehiegi luzatzen naiz, behar dudana, besteak behar duena eta egoerak eskatzen duena baino gehiago, gehienetan. Gehiegi idazten dugula uste dut, orokorrean, normalean; mezu motzak erronka bihurtzeraino.
SMS siglek “mezu laburren sistema” esan nahi dute, eta normalean, edo lehen behintzat, bai, mezu horiek ordaindu egiten ziren. Suposatzen dut orain horiek ere mugikorren tarifen barruan sartuta daudela, eta beraz, hiru bat mila bidal ditzakezula, bata bestearen segidan, goseak zaudenean janaria tragatzen duzun era berean.
Isiltasunak beldurra ematen du batzuetan. Zuzena izateak lotsa. Inkontzientziak espontaneotasuna. Pentsatzeak nagia. Nagiak errepikapena dakar. Beldurrak mugimendua. Mugimendua eta paralisia gorputz eta aldi berean. Lotsak ere beldurra ematen du. Ordaindu behar ez izateak neurrigabetasuna. Neurrigabetasunak inkontzientzia. Denbora eta bizitza amaigabea direla sinesteak, asperdura. Edo luzapena, gauzena, harremanena, emozioena. Edo hitzontzikeria.
Isiltasunak beldurra ematen du eta horrekin, eta horretan, eta horrela, beste gauza guztiak kausatzen dira. Norbaiti hitz labur eta argietan egiazko zerbait aitortzea, edo galdetzea, ez da gauza sinplea. Hitzek babesa ematen digute, gordeleku bat, ezerezari aurre (ez) egiteko bide ez hain bortitz bat. Sarritan baina, esaldi luzeen atzean, komen artean, emotikonoen interpretazioan, egia-erdi asko daude; beste hainbeste gezur-erdi; gehigarri eta apaingarri anitz. Aitzakiaz eta ihesaldiz josita daude mezuak gaur, perbertsio apur batez ere.
Etengabe presente egoteko egarria eta beharra dugunaren iritzia daukat, egun osoa zerbait esaten ematearen behar arraro bat, onarpen sozialarekin zerikusia izan dezakeena, ez dakit. Nola edo hala, beti geratzen dira esan gabekoak, ezkutatutakoak, eta Katamalok dioen moduan, “isildutakoak errepikatzen” ematen ditugu azkenean gauak.