Norendako idazten ete dodan galdetu deutsat neure buruari sarritan, ze aurpegi ipinten dotsadan irakurle anonimo hari. Eta zintzoa izetiarren, ezin ukatu amama lako pertsonarik ez nabala sekula irudikatu. Gitxienez, euskara batuan irakurten dakien norbaiti idazten deutsadala jakintzat jo dot.
Eta kostau egiten jata bizkaieraz idaztea, ez baita nire ohitura, nire errutina. Azkue fundazioaren eta Labayru hiztegiaren artean nabil, hitz totelka, inoiz baino baldarrago. Kuriosoa eta arraroa da pentsatzea “euskara jasoan” idaztea familiarragoa dala niretzako berba egiten dodan moduan idaztea baino. Eta honek guztiak loa kentzen ez deustan arren, larritu egiten nau.
Nor imajinatzen dot papelaren bestaldean? Ba, egia esan, ez dot 87 urteko andra bat imajinatzen; betaurrekoak ipini, atzamarra berba bakoitzaren azpitik mobitzen joan, eta ozen irakurten daben persona bat; sutondoan jarrita dagoen “enbra zahar” bat (berak esango eban moduen). Persona “gaztea” imajinatzen dot gehienbat, edo heldua, jubilaziora oraindino ailegatu ez dana. Euskara batuan irakurtzeko problemarik ez daukana. Gauza filosofikoak interesatzen jakozana. Amamak lanari “biherra” deitzen eutson, eta ez “gizarteari egin beharreko kontribuzioa, edota norbere identitatea gurutzatzen duen kategoria”. Amamak ez eban konparazio askorik egiten, ez metaforarik ez esaldi metafisikorik. Eta nik sarri idazten dot bizitza beste plano batean egongo balitz modura, bizitza materiaz haraindik existituko balitz modura, hor bakarrik. Bizitzak erakutsi deusta, beste behin baina, bizitza hamen dala, hamen pasatzen dala.
Eta imajinazioak indarra daukala ezin uka, horrek ekarten baitauz hainbat hautu, hainbat kreentzia eta imajinario, hainbat testu filosofiko; baina imajinazioak indarra daukala ezin uka, ukatzen dabezelako aldi berean beste hainbeste bizitza.