Zuzen

Ez dut zuzen joan nahi. Aspertu egiten nau zuzen joateak. Ez dut zuzen joan nahi. Aspertu egiten nau zuzen joateak. Ez dut zuzen joan nahi. Aspertu egiten nau zuzen joateak. Eta konturatu orduko zuzen joaten nabil, kalean artez, alboetara begiratu gabe, azkar. Konturatu gabe hartu dut errepidea, ordaindu dut bidesaria (zein da saria?) eta abiadura azkartu dut, 120km/ordura. Eta konturatu orduko pentsatzen pasatu dut bidaia osoa, pentsamendu bat bata bestearen atzetik jarriz, ilaran, arnasgunerik gabe. Konturatu gabe piztu dut ordenagailua, egin dut goizeko errutina konprobatzailea eta martxan nago jada. Noiztik da jada? Ez dut hasiera gogoratzen. 

Esan zidaten zuzen ibiltzeko, esan zioten zuzen joateko amamaren etxera, esan ziguten zuzenak izateko, esan zieten zuzen irizteko, esan zizueten zuzen ipintzeko. Esaten jarraitzen digute zuzen egoteko. 

Ez da kasualitatea 'zuzen' hitzak hainbeste adiera izatea. Geometrian bi puntu batzen dituen lerrorik motzena da; etikan,'zuzena' ona eta justua denarekin erlazionatzen da; erantzun 'zuzen' bat erantzun egoki bat da, akats bakoa; 'zuzen' hitzak berehala ere esan nahi du, atoan. 'Zuzen', artez ere bada, “recto” gaztelaniaz. Eta denek dute, ez kasualitatez, zapore berdintsu bat. Denak ari dira, angelu ezberdinetatik, mezu bera bidaltzen: ez galdu denborarik, ez izkinetan, ez distrakzioetan, ez arraildura edo zimurretan, ezta galderetan ere. Atera etekina denbora eta espazioari, esplotatu lehengaia baliagarriak bailiran. Egin denbora tarte laburrenean distantziarik produktiboena (hezurren artean, hirien artean, emozioen artean, e.a.). 

Baina ni gogaitu naiz, bizkarra nekatu zait, begiak itxi zaizkit, usaimenak abandonatu nau, ez dakit denbora galtzea zer den eta denbora galdu nahi dut, edo denboran galtzea nahi dut, denborak ni lapur nazan, eraman nazala at. Okertuta joan nahiko nuke, eseak egin, aulkian tolestu, biderik luzeena egin, eta prisarik gabe egin. 

Agian zuzentasunetik despistatzeko egiten dut hau, edo zuzentasuna bera despistatzeko; eta zalantzari, bihurguneari, etenari eta barrunbeei lekua egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!