Ospatzen ez direnak

Aste Santua, inauteriak, Eguberria, Gabon zahar eta Urte berri eguna, urtegunak, urteurrenak, Halloween, gau beltza edo hilen eguna, langileen, emakumeen, umearen egunak, konstituzioaren eguna, amaren eta aitaren egunak, hispanitate edo konkista eguna, eta santuak. Herriko jai gehienak santuen izenpean ospatzen ditugu. 

Egun horiek egun seinalatuak dira, letra larriz idazten direnak, janzkera, erritmoa eta umorea aldatzen dizkigutenak. Eta ez horiek bakarrik; aurreko egunak itxaronaldi egunak dira batzuetan, zain, urduri edo ilusionatuta egotekoak. Ostekoak, ondorioz, oroitzekoak dira, aje egunak, izan gorputzekoak, bihotzekoak edo burukoak. Horretarako agian hirukoizten ditugu egun inportanteak, urteko egutegian gehiago okupatu dezaten. Izen propio eta gorri gehiago ager daitezen. 

Zalantza bi ditut, baina, nik horren inguruan: zer ospatzen den ospatzen ez ditugun egunetan, eta zer ospatuko genukeen ospatzen ditugunak ospatuko ez bagenitu. Egun guztiek berezitasun edo bereizgarritasun bat izan behar al dute? Horren beharrik sentitzen al dugu? Zer gertatzen da astelehen arrunt batean, nola egiten diot aurre telebistan edo agendan anuntziatu ez den egun bati? Bai, kezkatzen nau egun arruntetan bizi ezin izateak, eta gehiago udan, gehiago jaialdi bezperetan.  Eta aldi berean galdetzen diot neure buruari nori edo noren izenean ospatuko genituzkeen jaiak kristautasunetik haratago. Nori abestuko eta dantzatuko geniokeen, norentzat egingo genukeen topa, santuak ez balira; San Pedro, San Fausto, San Juan, Santa Maña, San Roke, San Fermin eta abarrak, arrak, ez balira. Nor laudatzen du gaur egungo gizarteak? Nor goraipatu? Nor gurtu? Beharbada janari ekologikoaren eguna izango genuke, edo poligamiarena, edo gimnasioen eguna akaso. Beharbada intersekzionalitatearen eguna ospatuko genuke, edo dieta zorrotzena, edo bidaiatzearen eguna, festibalen egun internazionala, hipotekarena agian, amatasun eta aitatasun alternatiboen eguna, edo mugikorren eguna, edo sare sozialena. 

Ez dakit, santuak hilkor bihurtuko bagenitu, nori egingo geniokeen otoitz, nor edo zer bihurtuko genukeen hilezkor edo betiereko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!