Agian orain hegazkinean nagoelako pentsatzen dut etengabe gauzak gainean eramatearen zama honetan, dena airean dagoen sentsazioa areagotzen zait. Badirudi aukeratu egin dutela nire lagunek eraikin eta lanpostu askotan egotea, haien hautu ausart eta bizizalea dela, etengabe gauza berriak aurkitzeko jaio garen belaunaldia izango bagina bezala. Batzuetan uste dut produktu hori ondo saldu zidatela niri aspaldi, eta sinistu nuela bidaia konstantea zela nire askatasuna.
Nekatuta nago behin behinekotasunaz, hori delako behin betikoa bihurtu den egia bakarra: behin eta berriro agurtzeaz, nire burua aurkezteaz, lekuan lekuko arauak ikasteaz, hurrengo ikasturtea urtero errepikatzen den amildegia izateaz, egunerokotasunean hiru hizkuntzatan aritzeaz, munduko beste puntara joateko beharra sentitzeaz, beste gabe hemendik urruntzeko, lagunekin afaltzea luxua dela pentsatzeaz. Nekatu naiz ezegonkortasun emozional honetan bizitzeaz.
Postmodernitatea kolonialismo findu bat dela esango banu, ez dakit zehazki zer esaten ariko nintzatekeen. Sentsazioa daukat jarraitzen dugula konkistatzen, izan gorputzak, zaporeak, jantziak edo paisaiak. Betiereko bat beharrean, behin-behineko hamaika. Jarraitzen dugula hara eta hona joaten, azkar, estimulu agorrezinetan. Kontua da orain denak duela usain abenturazale bat, leku pribilegiatu bat sare sozialetan. Denak dauka erromantizismo kutsu bat, baina azken finean, kaos erakargarri honen atzean dagoena ezegonkortasuna da, eta ziurtasun falta, eta gorputzen kartzela (kartzela planeta osora zabaldu bada ere).
Baina hau ideia bat baino ez da. Nekatuegi nago.