Pilatzen dira gerrak

Bat, bi, hirurehun. Bost, sei, zortziehun. Zortzi, bederatzi, ehun. Mila. Ehun milatik gora. Milioi batzuk. Gora eta gorantz. Pilatzen, armairu hondoko arropa multzoak bezala, erabiltzen ez den gelako hautsak egiten duen bolaren antzera. Pilatzen, itsas hondoan, itsas hondarrak bailiran. Hondatuta baleude bezala, jokoz eta lekuz kanpo. Legez eta eskubidez kanpo. 

Gaur Ukraina da, baina atzo Sahara zen, Siria, Afganistan… Gaur Ukraina ere da, baina atzokoak ez dira konpondu, ez dira amaitu, ez dira erdietsi. Kuriosoa erdietsi, beste erdia eusten egongo ote da? Atzokoak pilatu egiten dira eta gaurkoekin batu. Gehitu, gehi hitzaren zentzurik zentzugabekoenean. Pilatzen dira zenbakiak, zerrendak, ilarak, albisteak eta izenak. Pilatzen zen jendea, borobil, lerro zuzen, multzo eta karratuetan, eta pilatzen dira gaur ere forma antzekoetan. 

Pilatzen da amorrua, amorru gosea, amorruaren beldurra, beldurraren amorrua, larrua eta barrua; pilatzen dira pausoak, bata bestearen atzetik doazen oin hutsak, oinutsik doazenak. Pilatzen dira galderak, eta galerak. Banderak eta bandoak. Gerrak pilatzen dira. Hotzera, hiltzera, erbestera, galtzera, ahaztera doazenak. Ahaztera eta hastera. Hastera eta haztera, behartuta bada ere.  

Pilatzen dira itxaronaldiak. Itxaron, irteteko. Itxaron, sartzeko. Itxaron, jateko, lo egiteko eta arnasa hartzeko. Itxaron, hiltzeko. Eta itxaron bitartean, jarraitu itxaroten. Pilatzen da metala, azalean, azal barruko ehunetan, ehun azaletan, lurzoruko hare eta harri artean; bihotzetan ere pilatzen da metala. Pilatzen dira aginduak eta agintariak, agindu gosea eta agintariek uzten duten gosetea. Pilatzen dira hizkuntzak, mugetan, begiradetan, ibilbideetan. Elkar nahasten diren edo elkarri hitz egiten dioten ezin jakin. 

Zein alderdi politikok hasi duen gerra, eskuinean, ezkerrean edo erdian dagoen, erradikalagoa edo moderatuagoa den…Gerrak agian bulegoetan hasten dira, baina kalean jasaten dira. Eta kalean daudenek hotza gorputzeko parte guztietan sentitzen dute, ezkerrean, erdian eta eskuinean. Hotza ez dute agintariek sentitzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!