Psikologia positiboaren garai berria

Erabiltzailearen aurpegia

Inoiz kultura hori desagertu bada: 2.0 edo zenbakirik gabeko bertsio finduren bat. Min ematen dit bizitzak batzuetan, handiegia egiten zait mundua, arrotzegia jendea, zikinegia planeta, urduriegi nago gauerdi batzuetan, eta ezin dut bizitzaren edertasuna ikusi teleberrian.  Zigortuko nituzke pertsona asko, kondenatu, niretzat bidezkoak ez diren ekintzengatik, garrasi egingo nioke goitik begiratzen nauen orori, eta negar egingo nuke beldurrez bizi den ororekin.

Baina ezin dut hori guztia egin. Emozioak kontrolatu egin behar dira orain, gestionatu, landu. Sistema kapitalista honetan, emozioak kontsumitu egiten dira, maneiatu. Inteligentzia emozionalaz ari dira aditu asko, eta modan jarri dira emozioak lantzeko programak. Aditua izan gabe esango nuke emozioek beregain dutela balorea eta garrantzia, ez gaitasun intelektual-arrazionalaren tresna bezala, ez arrakasta profesionala lortzeko erreminta bezala. Lagun batek dio emozioak ez direla gestionatu behar, ez direla enpresak. Emozioek emozio izateko balio dute. Eta kito.

Emozioak kontrolatzea emozioak konkistatzea da, eta hori buru arrazionalak agintzen du. Hori da arrazoiaren konkista esparru berria. Min ematen dit bizitzak batzuetan, eta batzuetan ez dut emozio hori kontrolatu nahi, “pasako dela” edo “ez dela hainbesterako” entzun nahi. Ez dut mina lokartu nahi, antistaminikoekin, liburu formako pastillekin edo lema ikasiekin.

Barnea gordina dela idatzi nuen aurreko batean, eta gordintasuna goraipatu nahiko nuke, bigarrenez. Ez dit mesede handirik egiten emozioak teorizatzeak, kontzeptualizatzeak, emozioei buruz pila bat irakurri eta eztabaida interesgarrietan trebatzeak. Kultuago sentitzeko. Nik esperientziak behar ditut, praktikak, bizipenak. Hor egon nahi dut, ez leihatilaren bestaldean eszena ikusten, ez pantailaren bestaldean eszena kritikatzen. Nik protagonista izan nahi dut, ez kritikoa, ez esataria, ez idazten duena. 

Mina omendu nahi dut, baina tokatzen denean, ez lehenago. “Intentamos y nos empeñamos en aprender del dolor antes de habitarlo” (itzuli gabe doaz kide baten berbak).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!