Udazkenak

Udazkena beti heltzen da bat-batean. Bat kontatu orduko aurrean dago eta inguratu zaitu, galdera edo harridura ikurrean. Udazkena, uda azkena. Bat-batean heldu zait aurten (ere) udazkena. Konturatu orduko, hostoak orbela dira, eguzkia joan egin da eta udatik baino negutik gehiago dute egun hauek. Hotz naiz eta hotz dago kanpoan. Euria ari du barru zein kanpoan.

Urtero errepikatzen dut hurrengo urtean adi egongo naizela, prest aurkituko nauela urtaro berriak. Eginbeharrekoak eginda eta gorputza epelduta. Joan zen urtean ere errepikatu nituen ataza-mantra horiek, baina aurten ere udazkena bat-batean heldu da nigana. Udazken bihurtu naiz bat-batean.

Baina zer du udazkenak? Badirudi udazkenak ispilu egiten digula, eta goibelago erakutsi gure irudia, pentsatzen genuena baino goibelagoa. Badirudi udazkenak biluziago gauden sentsazioa ematen digula. Eta jakin badakigu ispilura begiratzeko prest egon behar dela bat, ispiluak ez duela beti nahi edo irudikatu duguna islatzen. Ispiluak, batzuetan, gordintasunez bidaltzen duela informazioa, gorputza iltzatzen duen dardo zorrotz bat lez.

Eta agian horregatik ez zaigu udazkena gustatzen, biluztasuna, bulnerabilitatea, goibeltasuna... eta hitz “zatar” horiek guztiak bueltatzen dizkigulako. Gure baitan existitzen direla gogorarazten digulako.

Uda alaiagoa da, hobea, etengabe kanpora bidaltzen gaituelako; estimulu etengabeen kontsumoan ez dugulako zertan barrura begiratu, eguzkiak, egun luzeek eta soinu rinbonbanteek ez digutelako treguarik ematen, gelditzeko, eta jada existitzen diren goibeltasun eta antzekoak entzuteko. Nahiz eta udazkena ordurako dei galduak egiten hasi den. Eta horrela opor osteko depresioak, horrela irailaren maldizioa. Horrela udaren heriotza. Eta horrela, udazkenaren bat-batekotasuna eta nolabaiteko biolentzia.

Udazkena gara orain, gau geroz eta luzeagoak, lur hezea, ur hotza. Udazkena gara eta udazkenak gordetzeko aukera ematen digu, manta azpian, gaztain artean, txokolate edo salda beroan, besoartean.

Gordintasunez etorri da udazkena, gordina delako barnea, gordina delako bizitza, eta gordina gordintasuna bera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!