Ez dakit non amaitzen naizen ni eta non hasten den bestea. Ez dakit zenbat distantzia dagoen bestearekin, “bestea” bezala kalifikatu eta hainbeste konnotazio dituen beste horrekin. Ez dakit urrun dagoen, edo azala ukitzen didan, ez dakit zenbat dudan beste horretatik barruan eta zenbatean naizen ezberdin.
Emakume bat imajinatu dut Afganistaneko kaosaren erdian. Ez dut jakin aldizkariko zein orrialdetan kontatzen den bere egoeraren miseria. Pentsatu dut batzuentzat negozioa baino ez dela izango, beste batzuentzat gastu ekonomikoa, edo erronka humanitarioa, edo estrategia politikoa. Ezin izan diot esan leku bakarretik begiratzeko gai baino ez naizela, ni eta bestearen arteko amildegi horretatik. Bakoitzak era batean sailkatuko duela, kaxoi bakarrean kondenatuz bere existentzia, edo bere existentziaren kontakizuna, zehatzago izatearren. Ez garela gai izango bere egoera osotasunean ulertzeko, bere konplexutasuna onartzeko. Mingarriegia delako, zailegia, konplikatuegia.
Eta jarraituko dugula “bestea” beste egiten, urruntzen, min gutxiago eman dezan, ulergarriagoa izan dadin. Eta jarraituko dugula limiteak limite egiten, frontera forman baino askoz modu gehiagotan existitzen diren limiteak eraikitzen. Eta jarraituko dugula kontakizunak kaxoi bakarrean sartzen, errazago identifikatzeko.
Tanta txiki bat erori zait orduan, oso lotsatia, ia lotsaren lotsaz berriro begira bueltatu dena. Limiteak dagoeneko ez dira argiak, ez daude lerro zuzenekin markatuta, ez lurrean, ez gorputzean. Onartu ez arren, limiteak dagoeneko edonon daude, eta hortaz, agian, ez daude. Agian.