Irakurketak ozen egin behar direla esan zidan behin lagun batek, pentsamendua ozentzeko. Ahotsa, hotzaren kontrako hotsa bihurtzen da orduan; pentsamenduak abstrakziotik irten eta gorputz bat aurkitzen du, materia. Ozen irakurtzeak mugimendua ematen dio ideiari, eta mugimendua izaten da askotan behar izaten duguna, paralisitik eta parentesitik irteteko.
Gaur taula gainean egongo dira gorputz batzuk, ozen irakurtzen.
Eta ozen irakurtzen dugunean, pentsamendua ozendu baino gehiago egiten dugu.
Ozen irakurtzen dugunean, norbaitek entzuten gaitu beti, eta batzuetan batek baino gehiagok. Norbait egoten da beti entzuten, norbait hori norbera denetan ere.
Ozen irakurtzen dugunean, espazioak elkarrizketatu antzera egiten gaitu, non gauden galdetuz, non gaudenaren kontzientzia gorputzera ekarriz. Orduan konturatzen gara nonbaiten gaudela. Beti gaudela nonbaiten.
Ozen irakurtzen dugunean, gorputzean gaude, ahots korda, begi kliska eta belaun dardaratietan. Gorputzean diot, eta hori esan nahi dut: gorputzean.
Ozen irakurtzen dugunean, ozen irakurtzen dugu. Eta hori behar dugu.
Gaur gorputz horiek mikrofono batekin eta taula gainean egongo dira. Ez soilik 20:30eko emanaldian. Lehenago ere egongo dira, eta berandura arte geldituko. Gaur ez den egunean ere egoteraino. Eta ez dira soilik Intxaurreko taberna kanpoan agertuko; gorputz horiek kanpoalde askotan agertu dira dagoeneko. Gorputz horiek kanpoalde eta barrunbe askotan izan badira eta egon badaude. Ozen irakurtzen.