“Nobela historikoa” geldo abiatu da, geldo eta urrun. Maiz topatzen ditu egiak han urrunean. “Kondaira” eta “fikziozko nobela” batera ezkutatu dira, esku hartu dira; “txisteak” korrikan dabiltza, alde batetik bestera, arin, ausaz, ezkutukoak ebidentzian utzi nahian. “Saiakera filosofikoak” hutsarteak begiratzen pasatu du denbora eta pentsatzen, galdu egin du espazioaren nozioa. Jolasten ari dela ere ez daki jada. Jolasten dakien ere ez dakit jada.
10 segundoren buruan, begiak ireki eta “panfletoa” ikusi dut lehenengo. Ikusia izan nahi duena ez da beti ikusia izaten, baina panfletoa disimulu eta abstrakzio gabe plantatu da nire begien aurrean, ezkutatzeko inongo asmo gabe. “Antzerkia” eta “egunkaria” harrapatu ditut bigarren, biak erdi erdian geratu direlako, bat janzten eta bestea eranzten. Eta apurka-apurka, testu guztiak agertzen hasi dira; “satira, poesia, autobiografia …” denak agerian jartzen. Jolasa amaitzen eta “asmakizuna” faltan dudala sumatu dut. Ez ohi du bere aurpegia hain erraz erakusten.
Preso daudenak zain daude, “por mí y por todxs mis compañerxs” oihukatuko duen norbaiten zain. “Akziozko liburua” beste guztiak salbatzera etorri da orduan. Baina heldu orduko, hitzez eta ahotsez iragarri du bere etorrera eta orduan igarri egin dut. Denak konfiantza eta erosotasunaren arteko lekuren batean zeuden, zain. Baina heltzen harrapatu dut. Geldiune horretan ez dut jakin zer egin.
Zer egiten da heroiak harrapatzen direnean? Zer istorio kontatzen diogu geure buruari, heroiak hiltzen ditugunean? Ez dut jakin zer asmatu eta “ipuina” etorri zait dena gezurra dela kontatzera, horrek lasaituko banindu bezala. Ezkutaketa jolasa bukatu da. Maitasunaren itxiera da. Edo hasiera?