Idatzitakoa apurtu dut askotan, eta apurtzeko gogoa izan dut beste hainbatetan. Idatzitakoa ahaztu egin dut askotan, eta ahazteko gogoa izan dut beste hainbatetan. Gogoa izan dut gehiagotan. Hamaika orri zurirekin topatu naiz bidean, erantzunez baino, galderez betetako bide zurian. Orri zuriek beti eman didate errespetua, denaren eta ezerezaren materializazioa bailiran. Beldurra eman didate, heriotza eta jaiotza aurki nitzakeelako bertan, amaiera eta jatorria aldi berean, dena begien aurrean. Mutu eta gor, mutu eta gor egon gabe.
Eta, hala ere, idazten jarraitu dut. Hitzak nireak direla pentsatzera ere heldu izan naiz noizbait, hain neure egiten nituen. Gozatu egin dut, asko eta askotan, idaztean. Lagun minarekin terapia egitearen antzeko zerbait bihurtu da idaztea niretzat, korapiloak nasaitzearen antzeko zerbait. Elkar ondo ulertzen dugula uste dut.
Baina gaur, ordenagailuaren aurrean plantatu naiz, eta udazkenak nola, ihes egin dit bat-batekotasunak. Gaia aukeratuta nuen nonbait, izenburua ere ia pentsatuta, diskurtsoa ondo ikasita, hitzetik hortzera eta konbentzituta nengoen. Baina gaur, idazten hasi naizenerako, gorputza hezita aurkitu dut, etsita, hesiz eutsita. Epemuga eta luzera muga jarri didate eta blokeatu egin naiz. Biluzik, hutsik, geratu banintz bezala izan da. Joan egin zaizkit, hitzak, presioa sartzeagatik. Zenbat bider sakrifikatu ote ditut hitzak, zenbat bider berrerabili, birziklatu, masifikatu, erreproduzitu, kopiatu, objektu hutsalak zirelakoan.
Oraindik ere behar dut idatzi. Behar izaten jarraitzen dut. Behar dut idazten jarraitu.
Bi aukera nituen lehenengo ale honetarako; kulturaren edozein gairi buruzko zutabea idaztea edo neure burua aurkeztea. Eskerrak lehena egin dudan…