Arduragabekeriaz jokatzea

Erabiltzailearen aurpegia Eider Uribe (Bildu) 2015ko mar. 27a, 08:30

Orain gutxi gure herriko alkatearen deklarazio batzuk irakurri ditugu: “Aurrekontuen proiektua prest egon da, baina agerian dago ez dagoela gurekin adostasunik lortzeko inongo gogorik”. Dioena egia ez dela sinistarazi nahi dugu, bestela arduragabekeria galanta eta jarrera lotsagarria iruditzen zaigu, urtarrilean aurrekontuak aurrera eramateko gure prestutasuna adierazi genuelako. Nork ez du adostasunik lortu nahi? Aukerarik izan al dugu?


Astearteko osoko bilkuran, udal eraikinetako garbiketa zerbitzuaren kontratazioa bozkatu beharra genuen, 3.180.685,55€-ko gastua bi urterako. Hurrengo legegintzaldia guztiz baldintzatuko duen erabaki garrantzitsu bat zen, eta ezin daiteke astebetean erabaki. Ez daukagu aurrekonturik, ez dakigu hurrengo aurrekontuetan guzti hau zelan ordainduko den… Erabaki tekniko bezala jaso dugu proposamena, baina erantzukizuna politikoa da. Durango itoko duelako, zoritxarrez udalak ezin diolako aurre egin horrelako gastu bati, aurreko lizitaziotik prezioa izugarri igotzen delako. Beste aukerarik geratu ez zaionez, bere burbuilatik bajatu, eta alkateak puntua osoko bilkuratik atera behar izan du. Oraingo kontratuaren luzapena dakar horrek, eta pleguak zentzuz lantzeko aukera emango digu. Aportazioak egin ditugun bakarrak izan gara astebeteko epea eman ostean.

Gobernu talde bat da lehentasunak, epeak… markatu beharko lituzkeena; Durangon ez, teknikoak dira guztia aurrera eraman behar dutenak. Gobernu talde hau etxean geldituta ere berdin funtzionatuko genuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!