Gizonezkoen izenak dituzten kaleak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Uribe (Bildu) 2015ko ots. 20a, 08:30

Kale bat izendatzerako orduan,  Nazio Batuen gomendioa tokiko izenak, (toponimoak) erabiltzea da. Durangoko kaleen izendegira baldin bagoaz, 20 kalek gizonezkoen izenak dituzte, beste bostek gizonezko santu izenak eta emakumezkoak lau, guztiak santuak.


2008 urtean Udalak beka baten bitartez Durangoko toponimia ikertzeari ekin zion. Alberto Errazti Igartuak azterketa izugarri bat egin zuen 10150 lekukotasun jasoz eta kale berriei izen toponimikoak proposatuz. 2011ko apirileko bilkuran gure kale izendegia Euskaltzaindiako arauetara egokitzea eta toponimia ikerketan jasotzen diren gainerako leku-izenak beste era batera bideratzeko batzorde berezi bat sortzea onartu zen. 4 urte pasatu dira eta ez da inolako batzorderik sortu. Bitartean, beste 3 kale berri izendatu dituzte, Ramon Rubial, Jesus Maria Leizaola eta Jesus Maria Pedrosa, beste hiru gizonezko, gomendioei eta lan toponimikoari kasu egin barik.

Durangoko Berdintasuneko Udal Kontseiluak emakumeei egiten zaien diskriminazioa ikusirik, gure herriaren alde lanean ibili diren emakumeen zerrenda bat egitea proposatu dute, kaleak, eraikinak, plazak… berdintasunera bidean jartzeko. Hurrengo asteartean eztabaidatua izango da. Lan toponimikoa oso garrantzitsua eta baliagarria da baina herri honetan ditugun hainbeste gizonezkoen kaleei beste irtenbide bat ematea ere bai. 2011an eratu ez zen batzordea eratuko omen da oraingoan, gure herriko mugimendu feministari esker. Goazen denon artean berdintasunerantz eramango gaituen Durango berri bat eraikitzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!