Aldaketa badator

Erabiltzailearen aurpegia Eider Uribe (Bildu) 2015ko urt. 16a, 08:30

Urte berri on guztioi, eta bereziki gugandik kilometro askotara zaudetenoi. Joan den larunbatean herriak zuekiko duen elkartasunaren isla izan ziren Bilboko kaleak. Aurreko asteko mobilizazio erraldoia azkena izan dadila nahi dugu, eta horren esperantza daukagu, laster arte guztioi.


Bestalde, astelehenean beste sarekada batekin esnatu ginen, euskal gizartearekiko beste kolpe bat; Donostiako kaleak bete behar ditugu oraingoan. Gurekin jai dutela inoiz baino ozenago oihukatu beharrean gaude, irabazi egingo dugu!

Urte berri bati hasiera eman diogu, urte gogorra, baina, era berean, itxaropentsua. Durangarrok hainbeste urtez desio izan dugun aldaketa ekarriko digun urtea datorkigu. Horretarako guztirako zu zara protagonista, eta beharrezko zaitugu gure herria aldatzeko bidean. Heldu da herri honetan erabakiak guztion artean hartzeko unea. Nork hartu ditu azken 30 urteetako erabakiak? Galdetu dizute noizbait zer beharrizan dituzun?

Gure lan ildoaren gakoa hortan datza, herritarren parte-hartzean. Herritarrok garelako erabakiak hartuko ditugunak. Zapatu goizean, Plateruenean dugu hitzordua. Bertan hainbat gairi buruzko mahai inguruak antolatuko ditugu, herritarren hausnarketak, ekarpenak eta kezkak jasotzeko, norberak dakarrena ezinbestekoa delako Durangoren etorkizuna guztion artean eraikitzeko. Herri programa parte-hartzailea landuko dugu. Zer-nolako Durango nahi dugun diseinatzea gure esku dago.

Durangon aldaketa josten ari gara. Oraingoan bai! Lortuko dugu! Bihar arte!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!