Landako II, liburutegia, Lariz dorrea, Tabirako tribuna, Ezkurdi plaza, Kurutzesantu Museoa eta Hizkuntza Eskola daude tartean. Aipatutako obra horietan 44 milioi euro gastatu ziren (hamabi milioi euro gainkostuei dagokie). Obra guzti horiek eginda daude, baina durangarron beharrizanak ez dituzte bete, eta herritarren protestek arrazoi ematen digute.
Zer eskaintza egiten zaie gure herriko gazteei? Ezer ere ez. Horregatik, gazteak espazio bat aldarrikatzen hasi dira, udalak alde batera utzita dituela ikusirik.
Zer eskaintza egiten zaie gure herriko umeei? Ez daukate gune estalirik, eta kontuan hartuz gero bizi garen herrian zenbat euri egiten duen, beharrezkoa litzateke hori. Gurasoak mugitzen hasi dira, bustiko ez diren toki bat aldarrikatzen.
Txakurren jabeak ere mugitu eta mobilizatu ziren, eta erdibideko soluzio bat bilatu dute. Dena ez da inbertsio handiak eginez konpontzen eta.
Herritarrek ez dituzte azpiegitura erraldoiak eskatzen. Zoritxarrez ez zaie beraien ahotsa entzuteko aukerarik eman. Azken urteetan egindako obrak merkeago eta beste ikuspuntu bategaz egin izan balira, egun ez ginateke blokeo eta ezintasun baten aurrean egongo, eta herritarren beharrizanei erantzuna emango genioke. Goazen herritarrekin lan egitera.