Urtetan egin ez duten lana hilabete gutxi batzuetan egin nahi dute. Gauzatu gabeko proiektuak, obrak nonahi, eta beteko ez dituzten promesak izango ditugu ondorengo hilabeteetan. Trenbidearen lurperatzearen ondorioz, libre geratuko diren lurretan proiektu goloso bat salduko diguten susmoa ere badaukagu… Berriz ere, bulegoetan erabakitako proiektuak, herritarren parte-hartzerik gabe.
Buelta gaitezen eguneko jardunera: udalak 7.939.000 euroko zorra zuen 2013. urte bukaeran. Bitartean, gobernu taldea bere kudeaketa eredua, zorpetu gaituen eredua, goraipatzen. Urtetan gobernatzen izan ditugunek egin dituzten obra erraldoiek (eta zentzugabeak asko) ito egin gaituzte. Egoera hau ez dator zerutik, norena da erantzukizuna? EAJk autokritika egiteko eta errealitatea makillatzeko duen gaitasuna alboratzeko garaia da. Datorrenak herentzia polita izango du…
Zenbatetan eskatu dugu azterketa soziodemografiko bat egiteko, errealitatea aztertu eta, herritarren beharrak ezagutuz, proiektuak finkatzeko? EH Bilduk legengintzaldia amaitu arte gelditzen den denbora herritarrekin lan egiteko erabiliko du, azterketa sakon bat eginez. Udaleko informazio guztia herritarren esku jarri behar dugula sinesten dugu; gure ildo nagusienetako bat gardentasuna da, eta etorkizunean ere horrela izango da.