Durango-Gasteiz linea

Erabiltzailearen aurpegia Eider Uribe (Bildu) 2014ko uzt. 4a, 08:40

2007. urtetik urteak pasatu dira, Durangotik Gasteizera doan autobus linearen hobekuntzak lortzeko asmoz, Izurtza, Mañaria eta Otxandio, Arabako beste udalerri batzuekin batera, lanean hasi zirela.

 

Urte horretan, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuarekin, Nuria López de Guereñurekin, izandako bilera batean, esku hartu behar zuten erakundeak aldundiak zirela eta ez Jaurlaritza azaldu zuen. Ordutik hona hainbat izan dira Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin egindako bilerak. Betiere, udalen eta erabiltzaileen arteko koordinazioa egonik. Non egon da Durangoko Udala?

Erabiltzaileek azken urteetan egin duten lana goraipatzekoa da. Azken asteetan, change.org plataforman sinadura bilketa abiarazi eta mozioak erregistratu dituzte udaletan, non alkateei eskatzen zitzaien “herritar bezala ditugun eskubideak defendatzeko, eta Durango-Gasteiz lineako beste alkateekin batera zeresana duten erakundeen aurrean berauek defendatzeko”. Aho batez onartuak izan ziren. EAJri ongietorria ematen diogu, gure hainbat saiakeraren ostean, hurbilketaren eta batzearen aldeko pausoren bat eman duelako.

Astearteko bileraren ostean argi utzi ziguten Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela esku hartzerik nahi. Orain, Euskadiko Garraio Agintaritzara joango gara, Bizkaiko eta Arabako foru aldundien koordinazioa eskatzeko asmoarekin.

Helburua argia da: kalitatezko eta erabiltzaileen beharrei egokitutako autobus zerbitzu bat lortzea. Alderdikeriak alde batera utzi, eta goazen herritarren beharrizanei erantzuna ematera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!