Hamazortzi elorriar gazte dira dokumentaleko protagonista. Hiru galdera luzatu dizkiegu: “Zer da zuretzat euskara?” “Gazteon arteko erabilera zelan ikusten duzu? “Zelako egoera izango du etorkizunean euskarak Elorrion?”. Erantzunak hogeita zazpi minutuko bideo baten batu ditugu.
Arriolan dokumental hori ikusi eta gero eztabaidarako gune bat sortzea da gure asmoa. Gazteon artean ideia eta sentsazioak elkarbanatzeko aukera egongo da zapatuan. Horrez gain, Ebalixuren aurkezpena egingo dugu, eta hemendik aurrera egin gurako genituzkeen ekintzen berri emango dugu. Talde zabala da gurea, eta parte hartu gura duen edozein gazte ongietorria izango da.
Kale erabilerako azken datuak
2013ko udaberrian egin zen Elorrion azken kale erabilera neurketa. Datuek azaleratu zutenez, 10 elorriarretatik 6.1 gara euskaraz berba egiteko gai, eta kaleko elkarrizketen % 33.3 izaten dira euskaraz gure herrian. Gazteon datuak ikusiz gero, alde handiagoa dago ezagutza eta erabileraren artean: Gazteon %94.2 gara gai euskaraz berba egiteko, baina kalean gazteen artean izaten diren elkarrizketen % 76.6 gazteleraz izaten dira, azterketaren arabera.