Urte luzetan indarrean dagoen politika diskriminatzailea ez da bukatu. Horren adibide da
preso gaixoen egoera: kartzela ez da lekurik egokiena gaixoak behar bezala artatuak izan
daitezen. Legedian ezarritakoa bortxatuta, interpretatu izan da euskal presoek ez dutela
merezi legean bildutako inongo espetxe onurarik gaixo terminalak ez badira. Badira zenbait
gaixo larri espetxeratu ere ez dituztenak egin, baina hori Euskal Presoekin ez da gertatzen.
Duela urte bete inguru, Durangon argi eta garbi ikusi genuen: Gitaren gaixotasuna zela eta,
ez zituzten oinarrizko eskubideak bermatu.
Zigorren metaketa dela eta, zeresan handia daukagu oraindik. Alderdi Popularrak legedian
egindako aldaketa baten eraginez, Frantzian betetako espetxe urteak ez zaizkie aintzat
hartzen Espainiako estatuan oraindik betetzeko daukaten urteak kontatzeko orduan.
Europako zuenbidearen aurkakoa da kondenak horrela luzatzea. Ondorioa oso argia da:
kartzela zigorrak ez dira behar bezala betetzen. Lolak, Gitak, Gorka Palacios eta Iurdanek
ondo dakite hori. Hamar urtetik gorako kondenak dauzkate beteta Frantziar Estatuan, eta
Espainiaratu zituztenetik, zenbagailua zeroan jarri zitzaien, bizi osoko kartzela zigorra
ezarriz.
Gradu progesioaren auzia pil-pilean dago egun. Printzipioz, dagokion espetxeko tratamendu
batzordeak ematen ditu. Haiek baitaude presoengandik gertuen, haiek dakite nola dauden,
eta beraz, haiek erabakitzen dute presoek baldintzak betetzen dituzten gradu progresioak
lortzeko. Hala ere, gaur egun, fiskaltzaren politika hau da: errekurtsoa jartzea euskal
presoak baldintzapean aske uzteko erabaki guztiei. Errekurtso hauek oztopo handia dira
gradu progesioaren aferan. Durangon badira zenbait preso legez hirugarren graduan egon
beharko luketenak, baina gaur egun, Lupi da eskubide hori daukan pertsona bakarra.
Hau guztia aintzat harturik, ondorioa argia da: dispertsioa alde batera utzita, espetxe
politikan hainbat arazo larri daude oraindik konpontzeko. Guztiek daukate zerikusia legedia
errespetatzearekin, eta kartzelaratuta daudenen oinarrizko eskubideak aitortzearekin.
Hilaren 3an “etxera” ikur berria iragarri genuen. Bizi dugun une honi erantzuten dion ikurra,
eta datozen garaietan erdigunean jarri nahi genuen mezuari erantzungo dion ikurra. Orain,
bazter guztietara zabaltzea dagokigu. Durangon argi daukagu, horren islada da gaurko
argazkia. Lantokiak, etxeak, eraikinak, plazak, frontoiak, merkatuak… ikur berriarekin jantzi
behar ditugu, denon artean lortuko dugu!