"Sarek deituta, azaroak 11, larunbata, 12.00etan Basauriko kartzelatik osasun etxera joango den Giza Katean parte hartzeko gonbidapena egin, eta ekimena egitera bultzatu gaituzten arrazoiak azaldu nahi ditugu gutun honen bidez.
Gaixotasun larriak dituzten euskal presoen egoera eta bereziki Ibon Iparragirrerena kezkagarria da. Ibon Iparragirreren senideek bere egoeraren berri eman dute agerraldi desberdinetan. Duela hilabete inguru auzi medikuek azterketa egin zioten, eta azterketa horren emaitzak ezin kaskarragoak izan dira. Iparragirreren defentsak hogeira jaitsi dira —pertsona osasuntsu batek 720 eta 1.150 bitartean izan ohi du defentsen maila; 500etik behera jaisten denean egoera kezkagarria izaten hasten da—. Egoera “muturrekoa” da, eta auzi medikuak ez dira ausartzen esaten diagnosi horrekin Iparragirreri zenbateko bizi itxaropena gelditzen zaion.
Kode Penalaren zein Espetxe Arautegiaren arabera Ibon Iparragirrek eta gaixotasun larriak dituzten beste euskal presoek, haien artean Gorka Fraile preso durangarra, tratamendu duina jasotzeko eskubidea dute eta tratamendu hori espetxetik kanpo jaso behar dute. Ezin dugu gorrotoak eta mendekuak legalitatea eta demokrazia ordezka dezaten utzi. Giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, pertsona orok, presoak barne, dituzten eskubideak errespetatuak izatea hain justu.
Giza katearen bidez egoera salatu eta ikusgarri egin nahi dugu. Parte hartu!!!"