Etxebizitzen falta izugarria dago eta askok ezin dute etxerik aurkitu, eta aurkitzen badute askok ezin dute erosi edo alokatu; orduan, zergatik ez zaio irtenbiderik ematen arazo larri honi?
Udal gehienek lurrak eta eraikinak dituzte arantzez beterik edo jausten. Zergatik ez dituzte alokairu sozialeko etxebizitzak egiten? Eta beraiek ez badute baliabiderik, jar ditzatela Eusko Jaurlaritzaren eskuetan berak burutu dezan lan hori herritar askoren zorionerako.
Elorrion, adibidez: Aldapabeitia Jauregia hutsik dago eta beharrezkoa den Eguneko Zentrorako tokia utziz nahiko espazio dago alokairu sozialeko etxeak egiteko. Berrio Otxoa kalean zegoen liburutegi zaharra ere alferrik galtzen ari da.
Udalak ez daitezela ezkutatu patrimonioak trabak jartzen dituela esanez. Zertarako behar ditugu jauregi eta lur horiek hutsik eta alferrik galtzen hainbeste pertsona etxe bila dabilenean? Gainera, udal guztiek apartamentu batzuk izan beharko lituzkete. Adibidez, tratu txarrak jasaten dituztenentzat.
Utzi aitzakiak eta hasi lanean herritar guztiek etxe duin bat izateko duten eskubidea lortzeko.