Ikasturte berria martxan

Beste ikasturte bat jarri da martxan eta ikasleek beste urte bat dute aurrean beraien formakuntzan aurrera egiteko. 

Hezkuntzarekin lotuta oso interesgarria den hausnarketa irakurri nion Jose Mujicari, Uruguaiko presidentea 2010etik 2015era. Honela esaten zuen: “Etxeak hezi egiten du, ikastetxeak irakatsi”. Etxean ikasten da: agurtzen, eskerrak ematen, argi eta garbi ibilten, zintzoa izaten, zuzen jokatzen, errespetuz hitz egiten, ingurua eta ingurukoak errespetatzen, eskuzabala izaten, ez lapurtzen, gezurrik ez esaten, eta antzerako beste gauza asko. Eskolan ikasten da: matematikak, hizkuntzak, zientziak, etab. Eta gurasoek etxean landu eta bultzatutako baloreak indartzen. Baina 35 urte irakasle lez ibili ondoren ikusi dut zoritxarrez hori ez dela gertatzen, eta askotan irakaslearen lana ez dela baloratzen. Umea irakaslearen gainetik jartzen da eta bere lana egiteaz gain familian egin beharrekoa egitea eskatzen zaio.

Gure umeak zuzen eta egoki formatu nahi baditugu familiak eta eskolak batera egin behar dute lana, bakoitzak bere funtzioa betez, eta hori lortzen badugu hezkuntzaren eta pertsonaren kalitatea nabarmen hobea izango da.

Ea ikasturte berri honetan eta hurrengoetan hori betetzen dugun. Asko ikasi eta ondo pasa eskolan eta etxean!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!