Zaindu maite duzun hori

Ruper Ordorikaren abesti hau entzun ondoren, zenbait gauza pentsarazi zizkidan. Gauzak ditugun artean maite behar ditugula, gero askotan berandu delako eta pena izateak ez gaituelako kontsolatuko.

Maite ditzagun gure guraso, seme-alaba, neba-arreba, lagun… gure ondoan zenbat eta denbora gehiago izan orduan eta babesago, goxoago eta alaitsuago biziko garelako.

Maite dezagun gure burua. Zaindu dezagun gure osasuna. Indartu gure zaletasunak: irakurtzea, bidaiatzea, lagunekin egotea… Gu ondo bagaude hobeto zainduko ditugulako gure ingurukoak.

Maite dezagun gure hizkuntza, euskara, izugarrizko altxorra baitugu eta gainera euskaldunak egiten gaituena. Joxean Artzek dioen bezala “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez dutelako ikasten, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”.

Maite dezagun gure Ama Lurra. Mimatu, zaindu dezagun bestela bere heriotzak berarekin eramango gaituelako.

Maite dezagun elkar. Gerraz, amorruz, maltzurkeriaz, inbidiaz beterik dago gure ingurua. Ahalegindu gaitezen elkarri laguntzen. Mundu honetan denontzat dago tokia. Ez al da hobe maitasuna? Elkarren artean pozik bizitzea? Indarkeriak indarkeria dakar. Gizakiok ez al dugu ba hitz egiteko gaitasuna? Ba hitz egin dezagun eta konpon ditzagun gure desadostasunak.

Munduko likidorik garestiena malko bat da. %1 ura da eta %99 sentimenduak. Pentsatu norbaiti min egin aurretik.

Ea denon artean lortzen dugun mundu zoriontsu eta justuagoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!