Mugikorrei stop

Mugikorrak oso egokiak dira zuzen erabiliz gero, baina, zoritxarrez, erabilera desegoki hori menpekotasun bihurtu da askorentzat. Edonora begiratzean gehienak tramankulu hori eskuetan dabiltzala ikusten dugu.

Bere erabileran ez dago adinik, edonork erabiltzen baitu. Medikuarengana joan eta esperoan daudenak gehienak pantailari begira. Edozein terrazatan lagunekin berbetan aritu beharrean, begiak pantailari itsatsita. Gure inguru politekin gozatu beharrean, osteratxoa egiten ari direla pantailarekin hipnotizatuta. Guraso askok umeei baino arreta gehiago jartzen diote mugikorrari. Eta holan bazter guztietan gure gorputzeko beste atal bat dela ematen du, eta kasualitatez ahazten badugu urduritasunak menperatzen gaitu.

Aurreko baten, Elorrioko kaleetan nenbilela, baneka bat irakurtzen ikusi nituen eta horrek poztu ninduen, hauek ez baitziren aparatu honen menpe erori. Gainera, ez gara konturatzen gure joerak umeak ere mundu honetara erakartzen dituela? Eta jolasten egon beharrean mundu isolatu batera bultzatzen ditugula?

Zorionez, asko konturatzen ari da erabilera honi mugak jarri behar zaizkiola, gure gazteengan eta ez hain gazteengan kalte handia sortzen ari delako, eta neurriak hartzen ari dira, bai eskoletan eta baita etxeetan ere.

Gure nerabeak, eta zenbait heldu ere, hezi egin behar ditugu egoki eta zuzen erabil dezaten, bere buruari eta besteenei kalterik ez egiteko.

Zelan aldatu diren gauzak. “Telefonoa kable bati lotuta zegoenean… gu libre ginen, orain telefonoa libre dago eta gu hari lotuta”.

Aitatxo, amatxo, utzi telefonoa eta jolastu nirekin!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!