Agur, aita

Eibarren Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egunean jaio zinen, 1914ko apirilaren 14an. Lau urtetara zure aita gerra zibilean hil zuten eta beste askorena lez oraindik ez da azaldu bere gorpua. Handik urte bira baserria erre eta ezer gabe geratu zinen eta hortik aurrera egoerari buelta emateko lana eta lana izan zen zure egunerokoa.

Gorlizeko sanatorioan egon nintzen 11 hilabetetan, beste batzuekin batera, taxia hartu eta domekero etortzen zinen nirekin eguna pasatzera.

Zure lanak uzten zizkizun tarte txikietan, gauez, eskolara joaten zinen. Urte askotan Elorrioko kooperatiba baten aritu zinen eta hau desagertu zenean, 58 urterekin, prejubilatu zinen eta buru-belarri baserriari heldu zenion.

Baserrian beti izan dituzu behiak eta inguruan partoren bat zegoenean zure bila etortzen ziren txahalak munduratzeko, oso esku trebeak izan baitituzu edo norbaitek behiren bat erosi nahi bazuen zu izaten zinen aholkularia.

Azken egunera arte izugarrizko memoria izan duzu, zure burua entziklopedia handia izan da eta asko etorri izan dira zugana informazioaren bila.

Zure zaletasunak ere bazenituen eta doinua entzuteaz batera zure hankak erritmoaren atzean joaten zitzaizkizun. Oso dantzari ona. Pelota ere oso gustukoa izan duzu eta Euskal Telebistako partidu bat ere ez zenuen galtzen, Titin eta Altuna izan dira zure begikoak. Herri kirolak ere maite izan dituzu.

Zu izan zaren moduan joan zara gure artetik, egun bitan, lasai-lasai inor molestatu gabe lo geratu zinen eta ziur nago zauden tokitik zaudela gu zaintzen jarraituko duzula.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!